2015ean egin zuten lehenbiziko edizioa; «oroitzapen arras polita dugu, ia- ia inongo esperientziarik ez genuen arren. Bizipen ederra» Bi lagunek osatzen zuten hasiera hartan antolakuntza taldea, eta bi bertzerik ez dira gaur egun ere.
Geroztik, «ikasketa prozesu bat izan da guretako. Urtetik urtera gauzak hobetzen saiatu gara, eta horrekin batera emaitzak ere hobetu direla ikusi dugu». Izan ere, «Arizkun Rock izena hedatu eta ezaguna bihurtu dela ohartu gara».
Jaialdi berezia da Arizkun Rock: «alde batetik, doakoa delako, horrela ulertzen baitugu musika eta kultura; doakoa, zabala eta denondako irekia. Bertze aldetik, ahalik eta hoberena eskaintzen saiatzen gara beti Arizkunera hurbiltzen direnei; publikoari, musikariei, langileei… haien lekuan jartzen gara eta guri hartzea gustatuko litzaigukeen tratua ematen saiatzen gara, pertsonak zaintzen.
Antolakuntzan buru-belarri
Ekainaren 23an izanen da aurtengo edizioa, «eta egia erran arras gogotsu gaude». Antolakuntzak lan haundia du gibeletik, «baina gustura egiten dugu».
Hala ere, «lan talde ttikia garenez, lan karga haunditzen da. Gauzak egiteko mila modu daude, eta guk aukeratu dugun moduan lana haunditzen da. Detaile guztiak zaintzea gustatzen zaigu, adibidez, egunean bertan besta egin beharrean, gonbidatuekin egoten gara edozertan laguntzeko prest». Gainera, «herrian beti badugu jendea laguntzeko prest».
Finantzazioa lortzeko kamisetak eta merchandisinga saltzen dituzte; «azoka aunitzetan egon gara eta normalean ateratako gehiena saltzen dugu. Internet bidez saltzeak ere harrera ona izan du azken urteotan». Baina sarrera debalde duen festibal baterako dirua lortzea ez da erraza; «herriko eta inguruko enpresen laguntzarekin ateratzen dugu aitzinerat. Eskerrak eman nahi dizkiegu laguntzaile guztiei».
Musika taldeak herrira ekartzeak ere bere prozesua dauka: «inguruko pertsonen proposamenak aditzea gustuko dugu, batez ere egun horretan herriko plazan egonen direnek taldeak gustuko izatea. Gure gustu pertsonalak alde batera uzten saiatzen gara, ikuspegi objektiboagoa izateko». Honekin, taldeen eskema osatzen dute, «eta harremanetan jartzen gara haiekin, ea zeinek posible duen eta gurera etorri nahi duen ikusteko».
Aurten Andoni Ollokiegi, Ibil bedi, Olaia Inziarte eta Bines katiko artistek joko dute jaialdian. Emaitzarekin gustura gelditu da bikotea; «kartel polita dela uste dugu, bereziki azken edizio baterako».
Bederatzigarrena eta azkena
«Lan karga haundia» da antolakuntza bi lagunendako, «urte aunitz dira eta neke puntu hori hor egon da aspalditik, gero eta nabarmenago. Aspaldixko hasi ginen honen inguruan eztabaidatzen, eta azkenean uztea erabaki dugu. Gure barneek zikloa hesteko beharra sentitzen zuten».
Azaldu dutenez, «norbait prest egonez gero, festibalak segida izanen luke. Baina ez da hori gertatu. Bilera bat egin genuen herrian urte hasmentan hau guztia azaltzeko, eta ez zen inor atera. Egia erran, ez genuen espero segidarik izatea, horregatik naturala izan da bukaera hau».
Etorkizunera begira, «gustura deskantsatzea» da bikotearen asmoa. Hala ere, badute bertze proiektu bat esku artean; «lanean ari gara Arizkun Rockeko dokumental bat egiten, 2024an estreinatuko dena. Aitzinerago emanen ditugu xehetasun gehiago».
Azkenik, «ekainaren 23an Arizkungo plazara etortzera animatzen zaituztegu, azken Arizkun Rockeko edizio honetaz gozatzera!».