Baztan-Bidasoko haziak kontserbatzen ikasteko tailerra egin dute Iruritan

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 19a, 17:30

Ikastaroaz gain, bertaratutakoek hazien trukaketa egin zuten.  Testua: Baztango Talde Ekosoziala

Baztan-Bidasoko Hazien Sareak eta Baztango Talde Ekosozialak antolatua, Baztan-Bidasoaldeko Haziak, nola kontserbatu tailerra egin zuten ortzirale arratsaldean Iruritako Gizarte Bilgunean. Baztan, Malerreka eta Bortzirietako 14 bat pertsona bildu ziren.

Hastapenean, Nafarroako hazien sareko kide den Elena Saucak azaldu zuen ingurura egokitzen diren haziak gorde eta erabiltzearen garrantziaz, Narbarteko tomateei aipu eginez.  Gure nekazariek belaunaldiz belaunaldi gorde izan dituzte ezaugarri jakin batzuk dituzten haziak, besteak beste ekoizpen on bat ematen zutelako, zaporeagatik edo landatzeko modura egokitzen zirelako. Honela mantendu izan da hazien inguruko maneiua, baina baita ere bioaniztasuna, barietateekin lortzen dena. Elenak argitu zuen bertako hazi barietatea lortzen dugula leku batean 40-50 urtez hazi hori erein bada.

Haziak kontserbatzearen garrantziaz jabetuta, hurrengo solasak haziak kontserbatzeko bilduko diren hazien landareen botanikarekin lotutakoak izan ziren, hots ugaltzeko eraz, autopolinizatzen diren landareak badira (tomatea, letxuga, kalabaza, banabarra, etab.) baina baita ere polinizazio gurutzatua dutenak (zerba, erremolatxa, etab.), landareen loratze momentua, urtekoak (kalabaza..), bi urtekoak (azenarioa, aza), urte anitzetakoak direnak (salbia..).

Aipatutakoa garrantzitsua da ziurtatzeko biltzen den haziak hautatu diren ezaugarriak dituela, hazien arteko hibridazioa ekidinez. Orokorrean, merkatuan dauden haziak hibridoak dira (Alekako hazien kasuan ez). Erosten direnean jakin daiteke, F-1a jartzen badu hazien poltsan, baina Elenak aipatu zuenez, hibridoak diren hazi hauen ezaugarriak egonkortu ahal direla 10 urtez.

Bestetik, haziak eguraldi lehorrarekin eta ihintza baporatu denean biltzeaz eta izurriteak ekiditeko lore banden garrantziaz aritu zen. Azkenik, bildutako haziak kontserbatzeko moduak azaldu zituen, tartean dagoeneko gordeta dauden hazien hozitzeko gaitasuna frogatzeko modua erakutsiz. Saioa bertaratu zirenen hazien elkartruke batekin akitu zen.

Ingurura egokitu diren hazien ezagutza biltzeko eta erabilera sustatzeko hainbat lan burutu dituzte Nafarroako hazien sareko kideek, Pirinioetan, Lizarraldean, Sakanan… Gurean, orain dela 10 bat urte Baztan-Bidasoko hainbat kidek hazien banku bat sortu zuten. Urte batzuetan haziak loaldian egon ondoren, berriz hozitu dira eta hortaz talde bat osatu da, Baztan-Bidasoko Hazien Sarea, Baztango talde Ekosozialarekin batera helburua duena ingurura egokitu diren haziak gorde, zaindu, erabili eta elkartrukatzea, bioaniztasuna, biokultura eta bertako ezagutza suspertuz.

Honi segida emateko irailaren akaberan kide baten baratze batera antolatuko da bisita, elkartrukeari jarraipena emanez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun