Joan den ortziralean Baztandarren Biltzarra elkarteak aurtengo bestaren kartela aurkeztu zuen, eta bestaren 60. urteurrena ospatzeko, abestia ere kaleratu dute. Kartela Pello Fagoaga erratzuarrak diseinatu du, tradizioa eta estilo modernoa uztartuz.
Kanta, berriz, Ion Mayordomok elizondoarrak sortu du, Hasier Larretxea arraziotarraren hitzekin, eta haiez gain Josu Erbiti Zabaletak, Jokin Barriola Eskubik, Asier Capon Muñozek, Hasier Azurmendi Gaztelumendik, Pello Etxebeste Zayasek eta Kattalin Arizmendi Anduezak parte hartu dute.
Abestiarekin batera bideoklipa ere egin dute, Diego Azanza Sanzek zuzendua eta Asier Burguete Rubio, Jon Zubiaga Barrena, Oinat Razkin Goñi, Urko Lopez Gonzalez, Mariano Iribarren Irigoien, Ixabel Aleman Irungarai eta Jone Larralde Cordoba aktoreen partaidetzarekin.
Laguntzeko deia herritarrei
Hilabete bat baino guttiago falta da aurtengo ospakizuneko, eta elkarteak antolakuntzan laguntzeko deia luzatu du bertze behin. Joan den urtean bezala, galdetegia zabaldu dute herritarrek izena emateko, egunean bertan zein lehenagotik hainbat lanekin laguntzeko: kartelak zabaltzen, bazkarian zerbitzatzen, ostatua, eszenatokia eta aparkalekua muntatzen, sukaldean laguntzen, desfilean edariak eta idatziak banatzen… «laguntza ttikiena ere ongi etorria izanen da». Ekainaren 30a izanen da izena emateko azken eguna.