Fernando Anbustegi da Baztango alkate berria

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 19a, 07:15

Fernando Anbustegik azken zortzi urteetan alkate izan den Joseba Otondoren eskutik hartu zuen aginta-makila. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Azken zortzi urteetan alkate izan den Joseba Otondoren eskutik hartu du aginte-makila

Ttipi-Ttapak hartzen duen eskualdean ez da ezusterik izan eta larunbatean alkateak eta zinegotziak izendatu zituzten maiatzaren 28ko udal hauteskundeak egin zituzten herri guztietan. Baztanen EH Bildu izan zen indarrik bozkatuena eta sei zinegotzi lortu zituen. Gainera, Zurekin Baztan taldearen hiru bozak ere izan zituen eta EH Bilduko Fernando Anbustegi izanen da alkate datozen lau urteetan. Bertze lau bozak (Baztango Independenteak taldearen bi eta UPN eta Geroa Bairen bana), zuriak izan ziren. Azken zortzi urteetan alkate izan den Joseba Otondoren eskutik hartu zuen aginte-makila Anbustegik.

Kargua hartzeko solasaldian, Erdizi erreferentzia eginez, «gure aita eta amen lurra defendatuko» duela adierazi zuen Fernando Anbustegik eta Mariano Izetak idatzi zuen bezala, kasu honetan ere dirua galgarri izan zitekeela azpimarratu zuen. Baztandarrei eskerrak eman zizkien eta falta direnak gogoan izan zituen, Jon Barberena bereziki. Duela hogei urte Barberenak idatzitakoa gogoan izan zuen: «15 malko, 15 hots, 15 algara, Almandoztik Amaiurret bat gara».

Baztango udala osatuko duten hamahiru zinegotziak, Fernando Anbustegi alkatea erdian dutela. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun