Mikel Sobrino Urrutia

Baztandarra Txirrindularitza Taldea 40 urte pedalei eragiten

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 17a, 09:00
Gaur egun 7 eta 16 urte bitarteko 45 haur eta gaztek eta 12 monitorek osatzen dute taldea. FOTO MENA

1983an ziklismoa zaletasun zuten hainbat baztandar elkartu ziren behar bati erantzuteko; bailaran txirrindularitza talde bat sortzea. Izan ere, Baztango haur eta gazteek ez zuten txirrindularitzan lehiatzeko inongo aukerarik. Baztandarra Txirrindularitza Taldea sortu zuten orduan.

20 bat mutiko kozkorrek eman zuten izena hasiera hartan, tartean Mikel Sobrino elizondoarrak. Gaur egun elkartean segitzen du Sobrinok, «guri eman ziguten aukera oraingo haur eta gazteei eman ahal izateko». Gorabeherak gorabehera, inoiz baino sasoitsuago dago elkartea.

Nola aldatu da taldea 40 urte hauetan? 

Hasmentako urteak arras onak izan ziren, dena ongi joan zen, eta dirurik ez bagenuen ere, lan haundia egin zuten antolatzaileek. 10. urterako taldea nekatzen hasi zen, eta ezbehar latz bat izan genuen: etorkizun gehien zuen txirrindularia istripu batean hil zen. Orduan elkartea kili-kolo gelditu zen, gurasoen artean kezka sortu zen eta taldeko ilusioa galdu zen. 40 gazte inguru izatera ailegatuak ginen, eta urte hartatik aitzinera ia desegin zen. 1998an haur eskola galdu zen, eta kadete, jubenil eta masterrekin segitu zuen taldeak, baina arras bakan. Txuma Eugi izan zen sortzailea, eta berak mantendu zuen bizirik taldea, bederen paperean ez desagertzeko. Duela bortz urte, lehen ibilitako haurrak elkartu ginen eta martxan paratu genuen dena berriz, guri emandako aukera hori oraingo haur eta gazteei eskaintzeko.

Gaur egun zenbat lagunek osatzen duzue taldea?

Gaur-gaurkoz, 45 haur eta gazte eta 12 monitore gara, eta ia 200 kide ditu elkarteak. 7 eta 16 urte bitarteko txirrindulariak aritzen dira taldearen izenean lehiatzen.

«Txuma Eugik sortu zuen eta mantendu zuen bizirik taldea»

Haurrendako eskolez gain, bertzelako ekimenak ere antolatzen dituzue, ezta? 

Bai, betitik saiatu gara klaseak emateaz aparte, eskualdean txirrindularitza zabaltzen. Hainbat lasterketa antolatu izan ditugu, bai haurrendako eta baita kadete eta jubenil eta zaleendako, ahal den neurrian. 80ko hamarkadan Nafarroako Itzulia Elizondora ekartzea izan zen taldearen lorpen haundienetako bat, eta Bagordiko helmugak arrakasta haundia izan zuen. Arrakasta hori ikusita eta aurten 40 urte betetzen ditugunez, Bidasoko Itzulia Baztanera ekartzea erabaki genuen maiatzean.

Bidasoko Itzulia ekartzeaz gain, bertzelako ekimenik pentsatu duzue urteurrena ospatzeko?

Urte akabaila aldera zerbait gehiago eginen dugu, eta aldizkari bat argitaratu nahi dugu 40 urte hauetako informazioarekin. Gainera, ekainaren 10ean BTT proba egin genuen Arizkunen eta abuztuaren 6an errepideko lasterketa antolatuko dugu Elizondon.

Txirrindularitzako zaletasun haundia ikusten duzu inguruan?

Bai, beti berdintsua izan da. Batzuetan haur gehiagok ematen dute izena eskolan eta bertzeetan guttiagok, baina zaletasuna bada. Duela bortz urte hasi ginenean, pandemia ondoko garaian, ia 100 haur hasi ziren. Gehiegizko afera zen, baina berriz ere jautsi da, eta momentuan arras ongi gaude.

Beraz, taldeari etorkizun ona ikusten diozu?

Haurren aldetik bai, baina entrenatzaileen aldetik ez da erraza. Ez badugu jende berria sartzen asmatzen, orain daudenak erre eginen dira. Baina nahiago dut positiboa izan eta etorkizun ona izanen duela pentsatu, aukera badagoela. Momentuz, ongi doa afera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun