KATTALIN ARIZMENDI ANDUEZA

«Artista batek argi izan behar du zer eta zertarako sortzen ari den»

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 11a, 08:00
Kattalin Arizmendi Andueza

20 urteko elizondoarra da Kattalin Arizmendi, Txokoto auzoan sortu eta bizi dena. Magisteritza ikasten ari da Donostian, eta hainbat zaletasun ditu: «mendian ibiltzea, eskalada, maite dudan pertsonekin egotea… eta musika, sortzea nahiz entzutea». 

Ttikitatik kantari

«Ttiki-ttikitatik aditu dugu musika etxean, eta osaba margolaria zenez, artea presente genuen familian. Ikastolan ere musikak eta dantzak garrantzia haundia zuten». Elizondoko Musika Eskolan kantatzen eta bibolina jotzen hasi zen bederatzi urterekin, «eta gaur arte musika beti egon da nire bizitzan». 

Gaur egun, «kantuko klaseak hartzen ditut Donostiako akademia batean, eta gitarra da gehien jotzen dudan instrumentua». Horrez gain, «ukelelea pixka bat jotzen ikasi dut, lagunekin norabait joatean eraman ahal izateko, eta pianoa ikasten hastea gustatuko litzaidake heldu den urtean. Pixka bat denetik, baina deus ere ongi!».

Taldean eta bakarka

Musika Eskolan zegoelarik, «talde bat egitea bururatu zitzaigun, baina ideia ez zen aitzinerat atera. Orduan, futbol taldetik laguna nuen Maialen Jaurenari proposatu nion, eta Joanes Altxu eta Irati Elizalde ere animatu ziren». Bakoitzak bere etxean egiten zuen musika plazaratu nahian, Lau Haizetara taldea sortu zuten lau gazteek. «Kontzertu batzuk egin genituen Baztanen eta Urdazubin, eta kontent aritzen ginen. Arras esperientzia polita izan zen».

Hala ere, eguneroko eginbeharrak medio, taldea banatu egin zen eta bakarlari gisa aritzen da gaur egun Arizmendi. Apirilean eman zuen bere lehenbiziko kontzertua: «ez nuen bakarlari izateko asmorik, baina Txokoto tabernako Mintxok deitu zidan, ostatuan kontzertu bat eman nahi nuen galdetzen, eta gurasoen bulkadarekin animatu nintzen». Esperientzia «arras polita» izan zen; «bakarkako lehenbiziko aldia izateko, arras ongi sentitu nintzen».

Musika lagun

Baina hau ez du lehen aldia gitarrarekin oholtzaren gainean; Erdiz Bizirik plataformak Elizondon deitutako manifestazioan Jon Maiordomorekin abestu zuen, eta berriki EH Bilduren udal ekitaldian Malen Alzuart izan zuen lagun eszenatokian. «Musika haize freskoa izaten da mugimendu sozialetan. Ekitaldi guzietan musikara, dantzara, poesiara… jotzen da, dinamikoagoa egiten duelako. Bertze sentimendu eta xarma bat ematen diote».

«Gehienbat bertze artisten bertsioak» jotzen ditu, «baina etxeko zerbait sartzea gustatzen zait. Donostian urte batez Malen Alzuartekin bizitzen aritu nintzen, eta berak idazten duenez, kanta bat egin genuen elkarrekin, berak letrak eta nik doinua. Ez naiz sobera trebea idazten, eta letraren bat hartu edo norbaiti eskatu behar izaten diot zerbait sortzeko». Horrez gain, «osabak bere margolanetan bazituen letra batzuk hartu, moldatu eta kanta bat sortu nuen».

«Pop eta kantautore musika» da gehien lantzen duen estiloa; «oraindik ez dut hainbertzeko trebetasunik gitarrarekin, eta lehenbiziko oinarri bat egin nahi dut, aitzinerago nahi izanez gero estiloz aldatu ahal izateko».

Artistei dagokienez, «nire erreferentziazko musikariak arras desberdinak dira haien artean; alde batetik Idoia Asurmendi, Ken Zazpi, Eñaut Elorrieta… eta bertzetik musika katalana ere aunitz aditzen dut, Zoo eta Txarango, adibidez. Zahara eta Rigoberta Bandini ere aunitz gustatzen zaizkit, ematen duten showarengatik eta eramaten duten filosofiarengatik».

Arizmendiren ustetan, artista on bat izateko, «langilea izan behar da, profesionaltasuna eduki, baina kontuan hartuta norberaren mugak, nork lagundu gaituen eta nor egon den hor hasmentatik. Bakoitzaren filosofia garrantzitsua da; zergatik sortzen dugun, norendako eta zein itxaropenekin. Artista on bat kontziente da egiten ari denaz, gure gizartera zerbait ona gehitu nahian».

Etorkizunera begira

Ikasketak akitzea eta hezkuntzaren munduan formatzea du helburu Arizmendik, eta noski, «musikarekin harreman sano eta hurbila edukitzen segitzea. Talde bat sortzea gustatuko litzaidake, ez dut denbora aunitzez bakarlari gisa segitu nahi. Musika arras inportantea da nire egunerokoan, eta irakasle bezala hezkuntzan musika sartzea gustatuko litzaidake».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun