Bertan Baztan elkarteak Larunbertan jardunaldiak antolatu ditu hurrengo asteotarako

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 9a, 15:00

Bihar Mugarki kiroldegiak hainbat jarduera eginen ditu Txokotoko zubi ondoan, ekainaren 17an Loreen eguna eginen dute komertzioetan eta ekainaren 17an Bizikletaren eguna

Bertan Baztango komertzioen elkarteak hainbat jardunaldi antolatu ditu ekaineko larunbatetan Elizondon, Larunbertan izenpean. Bihar, ekainaren 10ean, lehenbiziko jardunaldia eginen dute: Kirol ekintzen eguna. Arizkungo Mugarki kiroldegiko taldea Elizondon izanen da, doako kirol ekintzak eskaintzen Txokotoko zubiaren inguruan.

Guztira bortz klase mota emanen dituzte: Dantzunba 09:30etik 10:10era eta 11:10etik 11:50era, Ziklo 10:20etik 11:10era eta 12:00etatik 12:40era, Kros hiit 11:10etik 11:50era, Kros kids 10:20etik 11:10era eta Kaleko eskalada 10:00etatik 12:00etara. Jarduerak plaza mugatuak izanen dituzte eta parte hartu nahi dutenek mugarki.com webgunean eman dezakete izena.

Ekainaren 17an Loreen eguna eginen dute, eta erosketak egiteagatik loreak oparituko dituzte Bertaneko komertzioetan. Azkenik, ekainaren 24an Bizikletaren eguna eginen dute; erosketak egitera familiarekin bizikletan joatera animatu dituzte herritarrak eta bizikleta erakusketa izanen da Jaime Urrutia karrikan.

Honez gain, deskontuak eta promozio bereziak izanen dira hiru egun hauetan Izetan, Fantxiken, Zanguen, Piko-Pikon, Artesiagan, Kaxkamelonen, Virgilion, B12 harategian, Ciaurrizen, Esarten eta Argibelen. Jarduera hauei buruzko informazio gehiagorako bertanbaztan.eus webgunea dago eskuragarri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun