BRT Menditarrak taldeak batzar orokorra eginen du ekainaren 15ean

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 7a, 17:00

Aurtengo denboraldiaren balantzea eginen dute eta prestaketak hasiko dituzte hurrengoari begira. Gainera, Errugbi gaupasaren balorazio positiboa egin du taldeak

BRT Menditarrak errugbi taldeak batzar orokorra eginen du ekainaren 15ean 20:00etan bere txokoan, Lekarozen. Zuzendariei, jokalariei, bazkideei, teknikariei, gurasoei eta jarraitzaileei zuzendutako batzarra izanen da, eta 2022/23 denboraldiaren balantzea eginen dute. Gainera, hurrengo denboraldiari begira, aurre-zerrenda errepasatuko dute zein minimoekin hasiko diren jakiteko eta kirol arloan laguntzeko deia zabalduko dute. Afaria ere eskainiko dute bertaratzen direnendako.

Errugbi gaupasa

Honez gain, duela aste batzuk Larraintzarren egindako gaupasaren harira, «giro ederra» nagusitu zela adierazi du taldeak, eta eskerrak eman dizkie hurbildutako guztiei, «errugbia bultzatzeagatik». Ultzama 7s errugbi txapelketa egin zuten lehen aldiz, BRT Menditarrak, Irun RT eta Iruñea RC taldeen partaidetzarekin, eta Iruñea RC izan zen garaile. Gainera, bertako haurrek jokoak eta partidak egin zituzten.

Azkenik, zozketako sarien irabazleak zoriondu ditu taldeak. Lehenbiziko saria Marta Irigoienek (5974. zenbakia) eskuratu du eta bigarrena Aritz Gironesek (3879), Maria Luisa Cordobak (7060) eta Oier Arozenak (1395).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun