Asier Goñi Maia

«Lehiaketetan parte hartzeak ate aunitz irekitzen ditu»

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 3a, 09:00
Asier Goñi ezkerrean Juliettah Al Zubi behokarekin; orain behorra da. Jon Jimenez.

Asier GOÑI MAIA, Oronoz-Mugairiko behor eta zaldi hazlea

Arabiar arrazako behorrekin eta zaldiekin Espainiar estatuko eta nazioarteko lehiaketetan edertasun sari andana irabazi ditu; berriki Galiziatik urrezko dominarekin etorri da, puntuazio maximoa lortuta.

Zaldiek eta behorrek lotura berezia omen dute pertsonekin, eta Asier Goñi Maiak (Oronoz-Mugairi, 1988) ere lotura berezia du haiekin. Gustuko ditu, maite ditu, eta haien bueltan pasatzen du bere denbora librea. Betitik izan dituzte behorrak etxean, baina berari arabiar arrazakoak sartu zitzaizkion begietatik, eta hala hasi zen arraza horrekin lanean. 2010ean Zubialdea Arabians zalditegia sortu zuen, eta arraza horretako behorrak eta zaldiak hazten eta saltzen ditu. Gehiago ere bai. Espainiar estatuko eta nazioarteko lehiaketarik ezagunenetan ere parte hartzen du. Tarte horretan ateak ireki dizkioten sariak lortu ditu eta bide horretan segitu nahi du.   

Nondik heldu zaizu zaldietarako eta behorretarako afizioa? 

Etxean beti izan ditugu haragitako behorrak. Osaba batek zaletasun haundia izaten zuen, zaldiak izaten zituen eta bere arrimuan ibiltzen nintzen. 15-16 urterekin gainean ibiltzeko nire lehendabiziko poneya erosi nuen eta geroztik mundu horretan segitzen dut.  

Nolatan hasi zinen arabiar arraza purukoekin? 

Betitik gustatu izan zaizkit. Aldizkarietan ikusten nituenean atentzioa ematen zidaten, beraien ezaugarriak gustatzen zitzaizkidan eta informazio gehiago biltzen hasi nintzen.

«Iberiar penintsulan barna dezente bidaiatu nuen gustukoaren bila eta, azkenean, Kantabrian harrapatu nuen»

Eta 2010ean Zubialdea Arabians zalditegia sortu zenuen... 

Bai. Hiru urtez zalditegi eta partikular aunitz bisitatu nituen. Iberiar penintsulan barna dezente bidaiatu nuen gustukoaren bila eta, azkenean, Kantabrian harrapatu nuen. 2010ean arabiar arrazako nire lehenbiziko bi behorrak erosi nituen, eta poliki-poliki zaldiak eta behorrak hazten hasi ginen. 

Zein dira arabiarraren ezaugarriak? 

Ezaugarririk inportanteena haien burua da. Kopeta arras zabala dute, begiak haundi-haundiak eta deigarriak, belarri ttikiak eta muturra fin-fina. Muturra dezenteko sakonunearekin dute. Nahiko estetikoak dira, arras finak. Batzuetan iduri dute kristalezkoak direla, baina aldi berean, arras-arras erresistenteak dira. Ez dira arras haundiak, baina gauza aunitzetarako erabiltzen dira. 

Zertarako adibidez? 

Erresistentzia lasterketetan ere ateratzen dira. Fisikoki arras erresistenteak dira eta fisikoa hobetzeko bertze arrazakoekin aunitzetan gurutzatzen dituzte. 25-28 km/h abiaduran 160 kilometro egiteko kapaz dira. Hamar-hamabi orduz lasterka ibiltzen ahal dira eta ederki aguantatzen dute. 

Zenbat dituzu gaur egun? 

Behokak, zaldikoak eta denak kontuan hartuta, hamaika ditugu; tartean hazitarako zaldi bat ere bai. Ez dira denak arabiarrak, batzuk arabiarrekin gurutzatutakoak dira.

Noiz hasi zinen lehiaketetan parte hartzen? 

2011n hasi nintzen. Kantabrian lehiaketa bat egitekoa zuten eta nondik jo ikusteko harat joan nintzen. Epaileek aunitz dakite, zalditegi eta lehiaketa aunitzetan ibiltzen dira eta beraiek dira moda zehazten dutenak. Zure behorrak eta zaldiak nola epaitzen dituzten, ongi ari zaren edo jendeari gustatuko zaion edo ez jakiteko, interesgarria da lehiaketetan parte hartzea. 

Zer hartzen dute kontuan lehiaketetan? 

Edertasun lehiaketak dira eta bortz ezaugarri puntuagarri daude. Bakoitzean gehienez ere hogei puntu hartzen ahal dituzu, guztira ehun. Alde batetik, tipoa puntuatzen dute, pistara sartzeko modua. Normalean arabiar arrazakoak buztana goiti dutela ibiltzen dira, mugimendu aunitz eginez. Bertzetik, gorputzari begiratzen diote; aziendak angelu eta proportzio batzuk izan behar ditu. Horretarako muskulatura lantzen diegu, baita ilea moztu edota makillatu ere. Hirugarren ezaugarri puntuagarria gorputz-adarrak dira, hau da, nola ibiltzen diren. Horrez gain, buruari eta lepoari begiratzen diete. Lepoa okertua behar dute, zisneek bezala, fina eta lotune onarekin. Horrez gain, begi politak, belarri ttikiak, kopeta zabala eta mutur fina izatea hartzen duten kontuan. Puntuatzen dute bosgarren ezaugarria mugimendua da. 

Makillatzen dituzuela aipatu duzu... 

Bai, animaliaren ezaugarriak nabarmentzeko. Kopeta haundiagoa eta muturra finagoa ikus dadin, lehiaketa baino egun batzuk lehenagotik modu batera edo bertzera mozten diegu ilea eta kasik pertsonak bezala makillatzen ditugu, bere begirada nabarmentzeko distira emanez eta...

Urteotan hainbat sari lortu dituzu... 

2017an Espainiako txapelketan urrezko domina irabazi genuen Dariyah Al Zubirekin eta horrekin berarekin 2016an Arabes&Co Nazioarteko Lehiaketa irabazi genuen Mioñon (Kantabria). Juliettah Al Zubirekin 2021ean Silledako eta Antelako (Galizia) nazioarteko lehiaketak irabazi genituen eta Lakhan Al Zubi zaldikoarekin joan den urtean Kordoban Espainiako txapelketa irabazi genuen Futurity modalitatean, eta berriki Lugoko (Galizia) Equigal lehiaketan urrezko domina lortu du. Txapelketako puntuazio maximoa eta mugimendu hoberenaren saria ere beretako izan dira. 

Sariek ateak irekitzeko balio dute? 

Bai. Nik morfologia lantzen dut, eta morfologia subjektiboa da; batzuei lerro batzuk gustatzen zaizkie eta bertzeei bertzeak. Baina bai, sariek jendea ezagutzeko ateak irekitzen dituzte. Gaur egun, sare sozialen bitartez, mugimendu haundia dago eta kanpotik aunitzetan jartzen dira harremanetan gurekin. 

«Emirerrietan afizioa haundia dute eta Txinan ere mugitzen hasi dira»

Adibidez, nondik? 

Emirerrietan afizio haundia dute eta azken aldian, txinatarrak ere mugitzen hasi dira.

Dirua mugitzen duen merkatua izanen da, ez? 

Mailaren araberakoa da, futbolean bezala. Erregionalean dagoenak ez du diru aunitzik mugituko, baina Txapeldunen Ligan ari denak bai. Hemen berdina pasatzen da. Horretarako bide ona da lehiaketetan parte hartzea eta jendeak ikustea. 

Zenbat balio izaten ahal du arabiar arrazako behor edo zaldi batek? 

Denetariko kasuak daude. Azken batean, eroslearen eta saltzailearen arteko akordio bat da, batek prezio horretan saltzeko prest egon behar du eta bertzeak erosteko prest. Baina gaur egun, 12.000-15.000 bat eurotan behor on bat erosten ahal duzu. Badira 600 eurotan ere, baina ona nahi baduzu, genetika eta behorra ordaindu behar dituzu eta oreka horretan 12.000-15.000  euro balio izaten ahal du.

«12.000-15.000 eurotan behor on bat erosten ahal duzu»

Prezio horretan saldu izan dituzu? 

Ezaugarriaren araberakoa da, 2.000 euroko edo 15.000 eurokoak izaten ahal dituzu. Denek ez dute hainbertze balio. 

Zein da garestien saldu duzuna? 

Behin arras zaldiko polita saldu genuen. Berez, gure asmoa Milango lehiaketara eramatea zen. Milan erakusleiho ona da, Europan egiten den lehenbiziko nazioarteko lehiaketa izaten da eta Emirerrietatik jende aunitz hurbiltzen da. Seguru ginen salduko genuela, baina 2020a zen eta pandemiarekin lehiaketa guztiak alde batera utzi zituzten. Azkenean, pistara atera gabe saldu behar izan genuen, argazki eta bideo batzuen bitartez, eta Pakistanera joan zen. Arras polita zen eta hura izan da garestien saldu duguna. Hala ere,  hobe izanen da prezioa ez erratea...

Ekonomikoki bertze maila duen jendearendako dira? 

Hura hala izan zen, zaldiko berezia baitzen. Bada sare sozialen bidez bere bezeroendako zaldi eta behor onak bilatzen aritzen den jende aunitz. Printzeak, printzesak, enpresariak... Horiek dituzte bezero. Guk ere printzesa baten eskaintzak hartu genituen, baina ez genuen saldu. Biharamunean printzesa hark eskatu zigun behokarekin lehiaketa bat irabazi genuen. 

Halako mailan lehiatzeak lan haundia eskatzen dizu? 

Etxean behorrak eta zaldiak hazten ditugu, baina egia errateko, ez dugu lan aunitzik. Zainketa batzuk egiten dizkiegu, adibidez, neguan mantekin lo egiten dute, edo pentsu berezia jaten dute. Baina gainerakoan belaian lasai egoten dira. Lehiaketetara eraman behar baditugu, berriz, Bartzelonako entrenamendu gune batera eramaten ditugu. Han, bertzeak bertze, muskulatura landu eta posatzen erakusten diete.

Zein izaten da zure egunerokoa? 

Goizetan zalditegian gosaria ematen diet eta lanera joaten naiz. Aitak aunitz laguntzen dit eta berak ateratzen ditu kanpora. Lanetik bueltan, arratsaldetan beti izaten da zerbait egiteko: zalditegia garbitu ez bada bertze zerbait. Iluntzean zalditegira sartzen ditugu, afaltzera eman, eta lo hantxe egiten dute. 

Zaletasun garestia aukeratu duzula erranen zenuke? 

Bai eta ez, inbertitu nahi duzunaren araberakoa da. Behorra edo zaldia ongi eduki nahi baduzu, gastatu behar duzu. Autoen rallyetan bezala da, urtean lasterketa batera joaten bazara gastatuko duzu, baina aunitzetara joaten bazara gehiago.  

Aunitz bidaiatzen duzu? 

Bai. Lanagatik aunitz bidaiatzen dut eta hobbyagatik ere bai. Espainiar estatuko txapelketa gehienetara joaten naiz, parte hartzera ez bada ikustera. Udaberrian, berriz, Italiara eta Belgikara joaten naiz hazitarako zaldiak ikustera. Lanagatik bidaiatu izan dudanean ere zalditegiak ikusteko probesten dut. 

«Euskal Herrian morfologia lantzen dugunak lau bat izanen gara»

Euskal Herrian bada afiziorik? 

Guti. Andaluzian, Galizian edo Katalunian afizio haundiagoa dute. Euskal Herrian badira zaldi arabiarrekin lasterketetan parte hartzen dutenak, baina morfologia lantzen dugunak lau bat izanen gara.

Zein asmo dituzu? 

Lakhanekin lehiaketetan parte hartuz jendeak ezagutzea nahi dugu, ondotik saldu ahal izateko. Horrez gain, denboraldi honetan bizpahiru behor estaliko ditugu. Hori izanen da aurtengo gure plana. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun