Azken asteetan Euskal Herrian bi emakume hil dituztela salatu zuten atzo Elizondon

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 2a, 11:30

Baztango Mugimendu Feministak elkarretaratzea deialdia egin zuen atzo, maiatzean Gasteizen eta Orion izandako bi hilketa matxistak salatzeko. Bailarako eragile feministek ondoko testua irakurri zuten:

Lehena Orion eta bigarrena Gasteizen. Gaurgero 2 dira hondar bi asteetan indarkeria matxistak hil dituen emaztekiak Euskal Herrian. 2 baina sobera, beti da sobera. Zeren eta iaz 4 izan ziren, eta horrela irakurri ditzakegu urtez urte errepikatzen joan diren gure historiaren pasarte ilunak. Beti da sobera, denak bizirik egon behar ginatekeelako, emakume izate hutsagatik hil zituztelako.

Indarkeria matxista hitz familiarra dugu jada, normalizatua agian. Argi gelditu zaigu indarkeria hau ekintza sinbolikoenetik hasi eta hilketaren kasu larrieneraino dela arazoa. Zer egiten dugu honen aitzinean, hala ere? Zer egin behar dugu berriro gertatu ez dadin?

Aldaketa sakonak behar ditu gure gizarteak, eta hori, guk egin ezean, ez du inork gure partez exijituko. Ez espero benetako boterea dutenek erraz utziko dutela maitasun erromantikoa erreproduzitzeari, emakumea hipersexualizatzeari, genero rolak betikotzeari, zaintza lanak pribatizatzeari... Gure zapalkuntzetan oinarritzen delako haien negozioa.

Indarkeriak gure bizitzetan presente egoten segitzen duen bitartean, elkarren beharra dugu. Joan den asteburuan hil zuen bere bikote ohiak Maialen Mazón Gasteizen, haurdun zegoela eta bere haurraren parean. Bere bikote ohiak urruntze agindu bat zuen aktibo duela zenbait hilabetetatik, eta Ertzaintzak bazekien aitzineko asteburuan agindua urratua izatean ari zela. Ertzaintza Maialenekin kontaktuan paratu zen, eta urruntze agindua bere borondatez hautsi zuela adierazi zion.

Harreman afektiboak medio izanik, arriskuaren gaineko pertzepzioa lausotua izan daitekeen arren, Ertzaintzak Maialenen gain utzi zuen ardura. Adierazpen horiek egin ondotik, kasurik ez egitea erabaki eta Maialen hila aurkitu zuten igandean Gasteizko hotelean. Hau al da arriskuaren jabe izanda, egin ahalko litzatekeen guzia? Poliziak benetan babesten al gaitu?

Herritarroi indarkeria matxista borrokatzea dagokigu, inguru publiko eta pribatuan, kolektiboan eta pertsonalean. Konpromisoari esker egingo dugu aitzinera, gizarte feminista bat sortzea hil ala biziko kontua delako.

Emakumeok bizirik eta borrokan segitu behar dugu. Aski da! Eraso matxisten aitzinean autodefentsa feminista!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun