Ortziralean magoaren ikuskizunaren ondotik, herriko trikitilariek herriari itzulia egin zioten. Gero, txopoa goratu, mutil dantzak dantzatu eta baztan zopak izan ziren afaltzeko; 140 lagun elkartu ziren mahaiaren bueltan. Gauez ere, jenderik ez zen falta izan, gau guztian plaza betea egon zen!
Larunbata ere mugitua izan zen: puzgarriak, bazkaria, txarangarekin herri itzulia, paella eta postre lehiaketa... Eta akitzeko, afaria eta dantzaldia.
Igandea gaitaren doinuekin eta erraldoien dantzekin hasi zen. Ondotik, meza, luntxa eta pilota partidak izan ziren. Arratsaldean, aldiz, Komediaren berpizkundea monologo saioa izan zen eta akitzeko xingar jatea.
Besten azken egunean, ohitura mantenduz, bizikleta itzulia izan zen lehen hitzordua. Anizera joan etorria egin eta gero, mus eta partxis lehiaketak jokatu ziren. Gero, zikiro jatea eta dantzaldia izan ziren. Akitzeko, kantu zaharrek alaiturik xingarra afaldu eta oraindik indarrak zituztenek, herriari itzulia eman zioten.
Besta zoragarriak izan dira, bere osotasunean auzolanean sortu eta aitzinerat ateratakoak. Herri ttikien indarra eta elkartasuna agerian gelditu da berriz ere. Herritarren borondatea da bestek uzten diguten iruditu indartsuena; denen artean egindakoa, elkarrekin gozatu dugu! Aupa Berroeta eta berroetarrak!