Baztango Udalak adimen desgaitasuna dutenendako eguneko egoitzaren proiektuaren idazketa onartu du

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 30a, 15:00

Oronoz-Mugairiko Zunda etxean egin nahi dute proiektua eta 30.350 euroko moldaketa onartu du udalbatzak aho batez, idazketarako eta zuzendaritza lanetarako

Joan den astean, legealdiko azken osoko bilkuran, Baztango udalbatzak 30.350 euroko moldaketa onartu zuen, adimen desgaitasuna duten herritarrendako eguneko egoitzaren proiektua idazteko. Moldaketarekin, proiektuaren idazketaz gain zuzendaritza ere finantzatuko da. Horretarako, dagokion lizitazio publikoa abiatuko du udalak ondoko egunetan.

Aitzinkontuen moldaketaz gain, zentroa egin ahal izateko eskualdeko gainerako udalekin hitzarmena egitea onartu zuten. Izan ere, hilabeteak dira eskualdeko udaletxeak elkarlanean ari direla eguneko egoitza egiteko eta Oronozko Zunda etxean egitea erabaki dute. Hitzarmenean udal bakoitzak egin beharreko ekarpena finkatu eta bakoitzaren ardurak zehaztu dituzte.

Egoitza Baztanen eginen denez, Baztango Udalak eskatuko du dirulaguntza eta idatzi, zuzendu eta gauzatuko du proiektua. Horretarako, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen departamentuak abiatutako dirulaguntza deialdira aurkeztu da udala.

Eguneko egoitzaren memoria teknikoa 3.630 eurotan egina dago, eta memoriaren arabera proiektu osoa 400.000 euro ingurukoa izanen da, kontuan hartuz memoria bera, proiektuaren idazketa eta zuzendaritza eta lanak. Nafarroako Gobernuak BEZa ez den gainerako guztia diruz lagunduko du. BEZaren zatia udalek bere gain hartuko dute.

Honez gain, 2023ko aitzinkontuan 30.000 euroko kontu saila du Baztango Udalak, Zunda etxea desjabetu ahal izateko, gaur egun Nafarroako Gobernuarena baita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun