Baztango Udalak 49.100 euro banatu ditu aurten zenbait elkarte laguntzeko

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 30a, 18:00
Irungo Harrera Sareak 3.000 euro jaso ditu, migratzaileei Baztan-Bidasoa ibaia zeharkatzen laguntzeko.

«Giza garapeneko indizerik ttikiena duten herrialdeekiko elkartasun eraginkorra sustatzea helburu», Baztango Gizarte Zerbitzuek 49.100 euro banatu dituzte guztira aurten, hurrengo erakundeen artean:

  • Euskal Fondoari bi donazio egin dizkiote: lehenbizikoa 27.100 eurokoa, Nikaraguako La Culebra eta La Argentina komunitateetan edateko uraren saneamendu sistema hobetzeko. Bigarrena, 10.000 eurokoa, El Salvadorren tokiko gobernagarritasuna genero ikuspegiarekin indartzeko.
  • Garabidek 3.000 euro hartu ditu, hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzen laguntzeko euskararen esperientziatik abiatuta.
  • Munduko begiak taldeari 3.000 euro eman dizkio, baliabide ekonomikorik ez duten herrialdeetan ikusmen-urritasunak dituzten pertsonei kalitatezko arreta oftalmologikoa emateko.
  • Saharaztanek ere 3.000 euro hartu ditu, 'Oporrak bakean' proiektuaren bitartez saharar errefuxiatu kanpamentuetan diren pertsonak eta batez ere haurrak laguntzeko.
  • Irungo Harrera Sareari ere 3.000 euro eman dizkiote, Irunera ailegatzen diren pertsona migratzaileei Bidasoa zeharkatzen laguntzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun