Nafarroako Bertsolari Txapelketara sailkatu da Urko Gartzia lekaroztarra

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 29a, 16:30

Ortziralean jokatu zuten zuten Larraungo Gabari gune irekian Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen aurrekanporaketa. Lekarazko Urko Gartziak irabazi zuen saioa eta zuzenean sailkatu da urrian hasiko den txapelketara. 

Urriaren 7an abiatuko da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, eta abenduaren 2an bukatu. Horren aitzinetik, ordea, bi aurrekanporaketa jokatuko dira, azken edizioan parte hartu ez zuten bederatzi bertsolarirekin, eta azken txapelketako azken hiru sailkatuekin.
 
Ortziralean jokatu zen saio horietatik lehena. Kantuan, sei bertsolari izan ziren: Beñat Astiz Isasi, Urko Gartzia Aleman (Lekaroz), Peio Ardaiz Gale, Fernando Ziganda Urdanpileta, Mintxo Astiz Goñi eta Etxahun Azkarraga Fernandez (Etxalar). 
 
Horien artean, Urko Gartziak bildu zuen puntu gehien (246), eta ondorioz, berak irabazi zuen saioa. Haren atzetik sailkatu ziren Beñat Astiz (244,5), Fernando Ziganda (235), Mintxo Astiz (195,5), Peio Ardaiz (185) eta Etxahun Azkarraga (175,5).
 
Alaitz Rekondok aurkeztu zuen saioa, eta lau lagun aritu ziren epaile lanetan: Aimar Sagastibeltza, Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria eta Joseba Beltza.
 

Ondorioz, txapelketarako txartel zuzena eskuratu du Urko Gartziak; gainontzeko bertsolariek, aldiz,  ortziralean Etxaurin eginen duten aurrekanporaketa pasa bitarte itxaron beharko dute sailkatzen diren ala ez jakiteko. Ortziralean bertze sei bertsolari ariko dira kantuan: Ainara Ieregi,  Aitor Irastortza, Bittori Elizalde, Egoitz Gorosterrazu iturendarra, Eki Mateorena eta Saats Karasatorre. 

Hamabi bertsolarik hartuko dute parte aurre-kanporaketetan, eta horietatik zazpi sartuko dira txapelketan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun