Aisha Oskariz Ursuegi

«Erasmusa esperientzia ikaragarria da»

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 27a, 09:00

Gizarte Hezkuntzako ikaslea da Aisha Oskariz elizondoarra, eta Txekiar Errepublikara joan da ikastera hirugarren ikasturtean Erasmus programarekin

Nola definituko zenuke zeure burua?

Elizondoko neska alai eta arrunta.

Zein dira zure zaletasunak?

Musika entzutea eta janariak prestatzea aunitz gustatzen zait, baina batez ere bidaiatzea eta horrekin batera leku eta kultura berriak ezagutzea.

Zein ikasketa egiten ari zara?

Gizarte Hezkuntzako hirugarren mailan ikasten ari naiz Donostian.

Aurten Erasmus programan parte hartu duzu. Norat?

Txekiar Errepublikara etorri naiz, Olomouc hirira, bigarren lauhilekorako.

Zer izan zen ailegatzean gehien harritu zintuena?

Erresidentziara sartu bezain fite, bertan bizi diren espainiar kopuru haundiak harritu ninduen. Gainera, euskaldun nahiko ere bagara.

Euskal kulturarekiko desberdintasun haundiak ikusi dituzu?

Bai, ez du zerikusirik. Hemengo jendeak argi utzi digu ez dituztela kanpotarrak maite; bertze hizkuntza bat aditzean aurpegi txarra erakusten digute. Gainera, ordutegiak eta txanpona ere desberdinak dira.

Eta klaseetan?

Klasean ere alde haundia nabaritu dugu. Erasmuseko ikasleak ez gaituzte bertako ikasleekin nahasten, eta jende guttiko klaseak izaten dira, bortz-hamar pertsonakoak. Gainera, klaseak motzagoak izaten dira eta zenbait ikasgaietan bi klase egun daude bakarrik lauhileko guzian.

Txekiaz gain, bertze herririk ezagutzeko aukera izan duzu?

Bai, egia erran kokapen arras ona dugu hemen eta hainbat leku ikusteko aukera eman digu: Austria, Polonia, Hungaria, Turkia, Kroazia eta laster Jordania.

Nolako esperientzia izaten ari da?

Ikaragarria, edozeini gomendatuko niokeena. Hemen sortzen diren harremanak arras indartsuak dira, egun guzia elkarrekin pasatzen baitugu. Esperientzia akitzeak eta hemengo jendeaz urruntzeak pena haundia ematen dit, baina gogo haundia dut etxera bueltatzeko eta familia eta lagunak ikusteko.

Zure asmoak epe motzera?

Momentuz, udan lan egitea eta ikasketak akitzea. Gainera, hizkuntzaren baten titulua atera eta boluntariotza bat egin nahiko nuke.

Eta epe luzera?

Gizarte hezitzaile gisa lana aurkitzea eta bidaiatzen segitzea gustatuko litzaidake.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun