Baztango herriguneak berritzeko planari hasierako onespena eman dio udalak

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 26a, 11:30

Herri eta auzoetako etxe haundi eta zaharrak berritzea eta hutsik dauden herri zatiak betetzea du helburu

Baztango Udalak bailarako herriguneak berritzeko planari hasierako onespena eman zion atzo, legealdiko azken plenoan. Egitasmoak EH Bilduren, Ezkerraren eta Geroa Bairen aldeko 10 boto eta Navarra Sumaren 3 abstentzio izan ditu. Orain jendearen aitzinean paratuko dute plana eta hiru hilabeteko epea emanen dute alegazioak aurkezteko. Planaren helburua «herri eta auzoetako etxe haundi eta zaharrak berritzeko baldintza administratibo, juridiko eta tekniko egokiak eskaintzea» da, betiere udalaren eskumenekoak diren gaietan.

Planak etxe horietan bizitegi berri gehiago egiten ahalko diren finkatuko du formula baten bidez, eta herriguneetan hutsik diren zatiak betetzeko aprobetxamenduak berrikusiko ditu. Honez gain, katastroan ez dauden eraikin eta anexoak ordenatzeko balioko du, udalaren kudeaketa administratiboa lagunduko duena, eta eremu publikoak hobetuko ditu, interes publikoko esku hartzeak finkatuko baititu.

Plana behin betiko onartzean, bailarako herriguneak Lehentasun Berroneratzea Area kalifikatzeko prozedurarekin segituko du udalak. Planaren idazketa Paisaje Transversalek hartu du bere gain eta udaleko hirigintza aholkularitzaren laguntza izan du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun