Etxebizitzari buruzko mintzaldia izan zuten atzo Elizondon Xabi Thicoiperekin

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 24a, 14:30

Baztango EH Bilduk etxebizitza politikaz gogoeta egiteko mintzaldia antolatu zuen atzo Arizkunenean. Xabi Thicoipe izan zen hizlari gonbidatua, EH Baiko kidea eta Donamartiriko alkateordea. Ipar Euskal Herriko egoeraz mintzatu zen, azterketarako gako nagusiak emanez eta erakundeetatik hartzen ari diren neurrien berri emanez. Sabaiko gela jendez bete zen, gaiak pizten duen interesaren lekuko

Udal taldeak azaldu duenez, «ez da lehen aldia Baztango EH Bilduk Ipar Euskal Herriko kideak ekartzen dituela, han gertatzen direnak inspiragarriak izaten ahal direlako Baztan bezalako landa eremurako, Baztanek Nafarroa Beherearekin eta Lapurdiren zati batzuekin iduri handia baitu egitura sozioekonomiko eta kulturalari buruz.

Tichoipek etxeen eta lurren prezioa aunitz goratzen ari dela aipatu zuen, azkeneko urteetako turismo politikek Iparraldea arrunt erakargarri egin dute eta Frantzia guzitik jendea bizitzera etortzen ari da, Covid-aren ondotik joera hori handitu da gainera. Horrela bigarren bizitegia gero eta gehiago da, kanpotarrengatik baina tokiko jendeengatik ere bai, kostaldean inbertsio gisa erosirik.

Orain artio prezio handienak kostaldean izaten ziren, baina goratze hori barneko alderat hedatzen ari da. Aipagarria da kostaldea gainezka dagoela eta jendea barneko alderat heldu dela, nahiz jarduera ekonomiko gehienak kostaldean diren, horrek lurraldearen desoreka ekartzen du. Bigarren bizitegiaren goratzean fiskalitatea aipatu zuen, etxe berriaren erosteak fiskalitate aldekoagoa duela alokairurako ematen denarena baino.

Bertzalde, Ipar Euskal Herrian bakarkako etxeari buruz dagoen nahia aipatu zuen, kulturalki arrunt errotua, norbera bere etxe, baratze, igerilekuarekin… horrek dituen lurraldearen antolaketa ondorioekin, mugikortasuna, energia, zerbitzuen ematea…

Gainerakoan aipatu zuen Frantziako lege batek behartzen duela 10.000 biztanletik gorako herrietan bizitegien %20 bederen soziala izatera. Neurri horrek herritarren artean ez ulertzea ekarri zuen, uste zutelako giro txarreko bazterreko tokiak izanen direla, baina berez, populazioaren % 70 sartzen da etxe horiek hartu ahal izateko balditzen barnean.

Egoera orokorra aipaturikoa izanik, proposamenei buruz aipatu zuen lehendabiziko kontua dela etxebizitza politika Ipar Euskal Herriko eztabaida publikoaren erdigunean dagoela, eta alderdi eta eragile guztiak ari direla horri buruzko proposamenak lantzen.

Lurraldearen antolaketa eta etxebizitza politikaren ikuspegitik mugimendu abertzalearen erronka da etxebizitzaren eskaintza berria eta laborantzako lurren babesaren arteko oreka bilatzea.

Horretarako lanean ari dira Euskal Hirigune Elkargoan, erakunde hori idazten ari den Lurraldearen Koherentziarako Gidalerroa dokumentuan, eta Ipar Euskal Herrian 5 makroeskualdeetan antolaturik egiten ari diren Tokiko Hirigintza Planetan. Etxebizitzaren gaia zuzenean ukitzen baitu, Hirigune Elkargoa egiten ari den Turismo Plana ere aipatu zuen, plan horrek eredu berri bat finkatu beharko duela, tokiko jendeen bizitegi beharra ere kontuan hartuko duena.

Gainerakoan, EH Bai bulkatzen ari den proposamenen artean, egoiliar estatutuarena aipatu zuen, etxea erosi ahal izateko lurraldean bertan denbora jakin batez lanean aritu izana baldintza gisa eskatzea. Bertze proposamena tentsiopeko inguruak izendatzea, gaur egun Iparraldeko kostaldeko 27 herri daude tentsiopeko gunean, EH Baik proposatzen du Ipar Euskal Herri osoa sartzea. Horrek aukera ematen du bigarren bizitegien zerga %70 handitzeko eta apartamentu turistikoak eskaintzekotan, jabeak ordainetan alokairurako bertze bizitegi bat eskaini beharra duela.

Bertzalde, alokairuak mugatu beharra aipatu zuen eta ostatu turistikoek duten aldeko fiskalitatea aldatzea, urte guztirako bizitzeko alokatzen diren bizitegian alde eginez. Modu berean, bizitegien sustapenari buruz etxebizitza sozialen planak bultzatzen ari dira herrietan eta erabilera lagapeneko formulak ere bai, lurra publiko atxikirik gaineko bizitegiarengatik bakarrik ordaintzea mugatutako prezioetan. Aldi berean langile gazteendako edo sasoiko langileendako erresidentziak bultzatzen ari dira barnea aldean.

Azkenik herritarren mobilizazioen beharra aipatu zuen. Etxe eta lurren salmenta karioak merkatua guztiz baldintzatzen dute, ondoko salmentetarako erreferentzia bihurtzen direlako. Horri buruz salaketa eta mobilizazio handiak izaten ari dira Iparraldean eztabaida publikoa pizten dutenak eta neurriak hartzera behartzen dutenak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun