Ekitaldiz betetako asteburua izan dute Berroetan. Larunbat goizean, auzolana izan zuten; heldu den astean diren bestak prestatzeko hitzordua. Bertaratutakoek lan andana bat egin zituzten; bazterrak garbitu, ostatua montatu, banderak jarri, batzartegia prestatu... Ondotik, pintterdia izan zuten herriko plazan.
Arratsaldean berriz, Berroetako pala txapelketako finalak jokatu ziren. Bigarren mailan, Almandozko Aitor Baraibar eta Zigako Martintxo Mendiburu aritu ziren elkarren kontra. Lehendabiziko mailan, Berroetako Mattin Asiain eta Almandozko Xabier Altzugarai. Bi partidetan almandoztarrak izan ziren nagusi. Ondotik, txapelketan parte hartu zuten 20 lagunek afaria izan zuten elkartean.
Honetaz gain, partida jokatu bitartean merkatu solidarioa egin zen herriko plazan; lanerako tresnak izan ziren salgai. Lortutako dirua Bidelagun elkarteari emanen zaio.
Bestak hurbiltzen ari direla eta herria gogotsu dagoela nabari da.