Aritz Alunda Pain

«Alkatetzarako talde anitza eta arras ona sortu dugu Arraiozen»

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 21a, 09:00
Aritz Alunda Pain

31 urteko baztandar gaztea da Aritz Alunda Pain. Sei urtez Arraiozko alkatetza taldean ibili ondotik, taldeak alkatetza hartzeko proposamena egin zion aurtengo agintaldian, «eta ez nuen zalantzarik eduki». Hautaketa erraza izan zen, batzarrean ez baitzen inor gehiago aurkeztu.

Gogotsu hartu duzu kargua?

Bai, Arraioz giro oneko herria da eta orokorrean herritarrekin harreman ona dut. Nire ustetan, gogoa faktore garrantzitsuena da kargua hartzerakoan. Betitik herrigintzan parte hartu izan dut eta egia erran noizbait alkate izatea aurreikusten nuen.

Zein dira alkatearen ardurak?

Alkatea herriaren kudeaketaz arduratzen da orokorrean mintzatuz: batzarrak antolatu eta aurkezteaz, auzolanak antolatzeaz, herritarren kezkak edo eskaerak entzun eta irtenbideren bat bilatzeaz (posible den heinean), etab. Herriarren eta udalaren arteko bitartekaria da. Uraren aferak ere hor daude, eta nahiz eta talde bat osatu, komisio horren lehendakaria alkatea ere bada. Gainera, alkatea Baztango Batzar Nagusiko kide da eta urtean lau aldiz egiten den bileretan parte hartzen du, herri lurren kudeaketari buruz erabakiak hartzeko eta bozkatzeko.

Erraza da aurpegia ematea?

Daramadan denbora gutti honetan ez dut aurpegia aunitzetan eman behar izan, eta erran bezala, giro oneko herrian gauzak errazago kudeatzen dira.

Hala ere, lan talde bat duzu gibelean, ezta?

Bai, alkatetza hartu eta talde berria osatu dugu. Bost pertsonei luzatu nien proposamena eta bortzak baiezkoa eman zidaten. Hauek dira: Urki Etxandi, Nerea Mortalena, Aitor Zubigarai, Xabier Maritorena eta Miren Urtizberea. Talde anitza eta arras ona. Momentuz hilabetean behin biltzen gara.

Ardurak zuen artean banatzen dituzue?

Ez ditugu norberaren lanak nahi eta nahi ez definitu, baina baliteke denborarekin bakoitzak ardura zehatz batzuk hartzea. Bileretan gai aunitzetaz solastatzen gara eta kargudunek gai bakoitzari buruz bere ekarpena egiten dute.

«Giro oneko herrian gauzak errazago kudeatzen dira»

Nolako esperientzia izaten ari da?

Orain arte ez zait deus konplikaturik tokatu, baina talde honekin eta herriarekin orokorrean arras gustura nago. Egunerokoan beti badira gauza xume batzuk egin beharrekoak, gehienetan lan administratiboak, baina orokorrean erraz eramaten ahal den kargu bat da.

Erdizko meategiarekin azken agintaldian alkateek izandako arazoak ez zaituzte beldurtu?

Azken agintaldian alkate gehienek Erdizko meategiaren inguruan izan duten jarrera txalotzekoa da eta herritarren iritzia biltzeko egin dituzten ahaleginak aunitz eskertzekoak. Erdizko meategiaren, Aroztegiko proiektuaren edo edozein erasoren aurrean nire jarrera tinkoa izanen da eta astakeria horien aitzinean eramanen diren borroketan parte hartuko dut. Nire izatea ez dut aldatuko eta Arraiozko herritarrek hori badakite.

Herriari dagokionez, zein hobekuntza egin dira azken urtean?

Arraiozen azken urte hauetan ez dira inbertsio haundirik egin, baina azpimarratzeagatik eskola handitzearen hobekuntza erranen nuke. Nahiz eta obrak ez hasi proiektua baieztatua dago eta hori aitzineko agintaldiaren lorpen bat izan da. Bertzalde, zubia konpondu da eta gaineko biribilgunean abuztu aldean moldaketa lanak eginen dira aparkaleku bat sortuz. Azken urte hauetako ur eskasia dela eta, Zokoako ur sorburutik ura herriko ur depositura lotu dugu eta hori ere hobekuntza haundi bat izan da herriarentzat.

Eta zein behar ikusten dituzu?

Herriko frontoiaren egoera hobetu beharko lirateke eta horretan gabiltza udalarekin. Bertzalde, haurrendako aisialdi toki hobea behar dugu eta herritik autoen abiadura murrizteko neurriak hartu behar ditugu. Etxebizitzaren kezka ere hor dago; Baztanen oro har etxebizitza duin bat aurkitzea arras zaila da eta Arraioz horren barne dago. Lanketa sakon bat eskatzen du gai honek, baztandarrok Baztanen bizi ahal izateko.

Zein da zuen helburu nagusia aurten?

Eskolaren obrak ahalik eta fiteen hastea nahiko genuke. Gaur egun, zorionez, haur aunitz daude herrian eta eskolaren tamaina ez da nahikoa. Espazio haundiagoa eta duinagoa merezi dute ikasle zein irakasleek.

Eta kultura aldetik nola ikusten duzu herriko eskaintza?

Arraiozen, bertze herri batzuetan bezala, guraso elkarteak eta gazteak dira herriko kultur ekitaldi gehienak antolatzen dituztenak. Hor ditugu, herriko bestak, inauteriak, Orakunde, Eguberrien inguruan antolatzen diren ekintzak, etab. Horrez gain, apiriletik aitzinera astebururo laxoa partidak ikusteko aukera izaten da Arraiozko belarrezko plazan. Ezin aipatu gabe utzi herrian dagoen mus zaletasuna; Arizti elkartean urtero ospatzen den mus txapelketan herritar andanak parte hartzen du.

Nahiko ttikia da Arraioz, nola ikusten duzu herriaren etorkizuna?

Etorkizun ona ikusten diot herriari. Lehen aipatu bezala, haur dezente bada herrian, eta hori etorkizunaren parte haundi bat da. Nik uste gaur egungo herritarren arteko lotura eta inplikazioa atxikitzen bada, herria ongi moldatuko dela etorkizunean.

Zerbait gehitu nahi duzu?

Tartetxo hau probestu nahiko nuke orain arteko agintaldian alkatetza taldean egon direnei eta orokorrean herriaren alde lan egin duten guziei eskertzeko. Segi horretan!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun