Nafarroako launakako sokatira txapelketako azken tiraldiak Elizondon eginen dituzte larunbatean

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 19a, 14:00

Amaiurko neskak podiumerako lehian izanen dira.

Gizonezkoen eta emakumeen pisu arinetako eta kadete eta 20 urtez beheitiko txapelak bertan banatuko dituzte

Nafarroako launakako sokatira txapelketan gizonezkoen eta emakumezkoen pisu arinetako (300 eta 235 kilo) txapelketako bigarren jardunaldia Elizondoko Baztan pilotalekuan jokatuko da maiatzaren 20an, larunbatean 17:00etan hasita. Bi kategoria hauetako txapelak bertan banatuko dituzte, bita 20 urtez beheitiko eta kadete mailakoak ere.

Maila nagusietan, bai gizonezkoetan baita emakumezkoetan ere, Beti Gaztek irabazi zituen Antsoainen jokatutako lehen jardunaldiko tiraldi guztiak eta txapelak janzteko faborito izanen da. Lehen jardunaldian ikusitakoaren arabera, Amaiur eta Araxes A taldearen artean izanen da bigarren posturako borroka eta Araxes B, Antsoain eta Txantrea ere lehiatuko dira.

Gizonezkoetan, lesakarrekin batera, Amaiur, Berriozar eta Txantrea lehiatuko dira.

20 urtez beheitiko kategorian Amaiur izanen da eskualdeko ordezkari bakarra eta kadetetan ez da eskualdeko tiralaririk izanen.

Denboraldi bukaera

Elizondoko tiraldiekin, Nafarroako sokatira taldeek bukatutzat emanen dute udazkenean hasi zuten denboraldi luzea. Beti Gazterentzat, bereziki emankorra izan da. Izan ere, Nafarroako zortzinakako txapelketan txapel guztiak jantzi zituzten lesakarrek, ondotik Euskal Herriko launakakoan ere denak bat izan ezik (mistoan txapeldunorde izan zen) eta Euskal Herriko zortzinakakoan ere zazpitik sei (gizonezkoen 560koan txapeldunorde izan ziren). Ondotik, Ipar Irlandako munduko txapelketatik bederatzi domina ekarri zituzten (bortz klub artekoan, tartean urrezko bat eta lau nazioartekoan, hemen ere urrezko bat, Euskal Herriak lortzen duen lehena, txapelketa mistoan).

Nafarroako launakakoan ere, orain arteko hiru txapelak Beti Gaztek lortu ditu eta ikusi behar larunbatean Elizondon gertatzen dena.

Ondotik, udako atsedenaldiaren ondotik, denboraldi berri bati ekinen diote, 2024ko otsailean Suedian jokatuko den munduko txapelketa begibistan dutela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun