Ordokiko uren moldaketa lanak lizitatu ditu Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 18a, 15:30

Ordokiko industrialdean eta inguruko etxeetan eginen dituzte lanak.

Idorteek eta ur isuriek Ordokiko ur horniduran sortutako arazoak konpontzeko, hornidura sarea berritzeko lanen lizitazioa hasi du udalak, 105.856 euroko aitzinkontuarekin

Baztango Udalak azaldu duenez, «iazko udan Arizkungo Ordokin arazoak izan ziren ur horniduran, idorteak eta ur isuriak tarteko». Aurten hornidura sarea berritzeko memoria teknikoa idatzi du udalak, eta gaurko Tokiko Gobernu Batzordean lanak esleitzeko prozedura publikoa hasi dute, 105.856,79 euroko aitzinkontuarekin. Memoria teknikoak 3.174,70 euroko kostua izan du eta lanaren zuzendaritzak 5.292,84 euroko balioa izanen du.

Kalkulatu dutenez, «ur-biltegitik etxeetarat eta Ordokiko poligonorat doan hornidura sarean, kontsumitutako uraren %60 inguru isuritan galtzen da». Gainera, «oraingo sareak 40 urte ditu eta PVCko hodiekin egindakoa da, ondorioz, hodiak kristalizatzen ari dira, malgutasuna galduz eta hausturak han-hemen nonahi gertatuz».

Hornidura sarea berritzeko, Ordokirat doan hodi nagusia aldatu dute, polietilenozkoa paratuz, 110 milimetroko diametroa eta 960 metroko luzera duena. Gainera, arketak eginen dira, oraingo sarera lotuak, eta zuloak betetzeko eta zolaberritzeko materialak beharko dira. Azkenik, etxeetako bi hornidura hodiak aldatuko dira; lehenak sei etxeri ematen die ura eta bigarrenak zazpiri.

Moldaketa hauekin ur-isuriak konpondu eta ura modu eraginkorragoan erabili nahi dute, «udako eskasiak saihesteko». Lanen esleipena eginda, sei hilabetez luzatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun