Baztango EH Bilduk hauteskunde kanpainako ekitaldi nagusia egin zuen larunbatean Elizondon. Plazan egitekoa bazuten ere, Braulio Iriarte frontoira lekualdatu zuten eguraldi txarrarengatik, baina azaldu dutenez, «aldaketa ez zen traba izan jendea biltzeko eta giro ederra sortzeko».
Hitz hartzeen aitzinetik, Malen Alzuartek eta Kattalin Arizmendik girotu zuten ekitaldia kantu eta poesiaz. Ondotik, Fernando Anbustegi alkategaia mintzatu zen eta pentsatutako proposamenak aurkeztu zituen, «orain artio emandako pausoak ondokoekin uztartuz. Horrela, haur eskolaren gestioa publifikatu izana aipatu zuen eta herrietako eskolak zaindu beharra ere bai. Etxebizitza politika publikoa aldarrikatu zuen gazteei eta sektore guztiei bizitegia bermatzeko eta adinekoei buruz zahar etxearen berritzea eta publifikazioa aipatu zituen». Honez gain, Aroztegia eta Erdizen harira, «herritarren erabaki ahalmena» azpimarratu zuen.
Bertzalde, Laura Aznal lehendakarigaiak udal gobernua zoriondu zuen, «lurraldean sustraitutako, ingurumena errespetatzen duen eta justizia soziala bilatzen duen tokiko garapen jasangarria bultzatzeko egindako lanagatik». Azaldu zuenez, «Baztan tokiko garapen ereduaren erakusgarri ona da, eskualdearen berezitasunean, potentzialean eta baliabideen optimizazioan oinarritutako eredu sozio-ekonomikoa bultzatzen baitu». Azkenik, UGEPak «modu iruzurtian erabili direla» salatu zuen Aznalek, eta «udalez gaindiko plan sektorialen erregulazioa aldatzea» proposatu zuen, «lurraldearen antolamenduari laguntzeko tresnak direla bermatzeko, ez toki erakundeei dagozkien eskumenak kentzeko».