Joxan Oiz Arrutik irabazi du aurtengo (H)ilbeltza beka 'Zorigaiztoko' proiektuarekin

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 12a, 16:30
Gaur eguerdian egindako agerraldian iragarri dute epaimahaiko kideek bekaren irabazlea. Ondikol.

Irabazleak 6.000 euroko beka jasoko du eta 2024ko abenduan argitaratuko da bere eleberria

Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak VII. (H)ilbeltza bekaren deialdia antolatu dute aurten ere, eta gaur jakinarazi dute irabazlea: Joxan Oiz Arruti donostiarra. Bekaren helburua euskarazko nobela beltza sustatzea da, txandaka sormen eta itzulpen lanak sarituz. Aurten narratiba idazteko beka egokitu da.

Epaimahaia Joseba Otondo Baztango alkateak, Eneko Barberena (H)ilbeltza elkarteko ordezkariak eta Garazi Arrula Txalaparta argitaletxeko ordezkariak osatu dute. Zorigaiztoko lanaren lagina izan da saritua, XIX. mende hasierako Donostian kokatzen dena. Epaimahaiak adierazi duenez, «laginean nabari da idazleak dokumentazio lana eta garaiaren prospekzio ariketa egin duela. Garai soziala eta abiapuntua iradokitzailea da, eta kasu honetan ukitu historikoa kritika sozialarekin uztartzea nobela on baten abiapuntua izan liteke. (H)ilbeltza bekaren parametroekin bat egiten du eta hizkera landua erabiltzeak proiektua indartzen du».

Lagin irabazleari 3.000 euro emanen zaizkio orain, eta bertze 3.000 lana akitzerakoan. 2024ko abenduan argitaratuko du lana Txalaparta argitaletxeak.

Zazpi lan saritu

Lehen edizioa sormen beka izan zen; Miel A. Elustondo izan zen sariduna eta Kezko bola batek itoak birikak eleberria argitaratu zuen 2019an. Hurrengo deialdia itzulpenari egokitu zitzaion, eta Josu Barambonesek Patricia Highsmith estatubatuarraren Lardaska nobela euskaratu zuen. Hirugarren irabazlea Miren Gorrotxategi izan zen eta Sotoan gordeak liburua izan zen emaitza. Laugarren beka Koldo Bigurik jaso zuen eta Massimo Carlotto italiarraren Agur maitea, ikusi arte eleberria itzuli zuen. Borzgarren beka Eneko Barberenak lortu zuen eta Suak erreko ez balu eleberria idatzi zuen. Iazkoan Beñat Irastorza izan zen saritua, eta Fred Vargasen Debout les morts liburua euskaratua argitaratuko du aurten.

Aurtengo irabazlea Joxan Oiz Arruti (Donostia, 1968) izan da. Euskal Filologian lizentziatua, euskal prentsan ibilia da kolaboratzaile, kazetari eta zutabegile gisa, eta 1992az geroztik irakaskuntzan ari da. Literaturan ere aritua da, 2006an Beñat Dardo nobela eta Bidasoa poesia eta argazki liburua argitaratu baitzituen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun