Garbigunea finantzatzeko 508.000 euroko dirulaguntza erdietsi du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 12a, 11:30

Garbigunea Iruritako Zaldubia industrialdean eginen dute eta urte hondarrerako egina egotea aurreikusi dute

Baztango udalerrian etxeko hondakinak biltzeko garbigunea eraikitzeko proiektuarekin ari da azken urteetan udala. Proiektuak 807.268,15 euroko aitzinkontua dauka, eta aste honetan Nafarroako Hondakin Partzuergoaren dirulaguntza erdietsi dute, 508.045,55 eurokoa. Horri Next Generationetik 118.414,80 euroko laguntza eta Hondakinen Funtsetik 111.557,80 euro gehitu behar zaizkio. Ondorioz, udalaren gain 69.250 euro geldituko dira.

Garbigunea Iruritan eginen dute, Zaldubiko industrialdean zehazki, hor ikusi baitu udalak lurzoru egokia zerbitzua antolatzeko.

Honez gain, hasierako proiektua moldatzeko esleipena egin dute aste honetan, Nafarroako Gobernuak aginduta, inundagarritasun arriskuak saihesteko. Ramon Preciado Jimenezi eman dio proiektuaren moldaketa 20.759 eurotan, eskaintza hoberena egin baitu prozedura sinplifikatuan.

Herritarrendako zerbitzua

Garbigunearekin, baztandarrek etxeetako eta komertzioetako hondakinak uzteko toki berria izanen dute. Alde batetik hondakin bereziak uzteko aukera izanen da, hau da, pinturak poteak, bateriak, produktu kutsatuen ontziak, luminariak, zirrikak, motorreko olioak, plastiko gogorrak (mahaiak, kaxak)… Bertzalde, traste haundiak ere uzten ahalko dira: adarrak, zurak, hondakin metalikoak…

Gainera, etxez etxe biltzen diren traste haundiak gordetzeko lekua izanen da. Etxeetako zein komertzioetako hondakinak sailkatzeko erabiliko dute, baita ondotik tratamentu gunerat eramateko ere.

Proiektua aspaldian abiatu zuen udalak, baina lurzoru egoki baten faltan gibeleratua izan zen. Orain, urte hondarrerako egina egotea aurreikusi dute.

Garbigunearen proiektua. Baztango Udala.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun