Maiatzaren 17tik 21era ospatuko dituzte Salbatore bestak Iruritan, eta urtero bezala, pilotak ere bere lekua izanen du egitarauan. Maiatzaren 18an, ortzeguna, Aspe pilotako bi partida izanen dira Aranabia pilotalekuan 17:00etan. Lehenbizikoa esku pilotakoa izanen da; Elordi eta Tolosa, P. Etxeberria eta Martijaren kontra. Ondotik, erremonte partida jokatuko dute: Sagaseta eta Mitxeo, Iturregi eta Leatxeren aurka.
Sarrerak salgai daude 20 eurotan Iruritako Olari ostatuan, Gizarte Bilgunean eta Elizondoko Mendi ostatuan. Asteburu hau izanen da txartelak aldez aurretik lortzeko azkena, astelehenean salmenta tokietatik kenduko baitituzte. Akitzen ez badira, egunean bertan ere txartelak erosteko aukera izanen da 25 eurotan.