Arrakastatsua izan da Iruritako III. Mendi Duatloia

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 9a, 11:00

Bakarkako proban Eneko Gurrutxaga Ugarte izan zen garaile, 01:38.26 denborarekin. Binakakoan, Hodei Aleman Azkarraga eta Unai Barazabal Erasun izan ziren txapeldun gizonezkoetan 01:30:14 emaitzarekin eta Josune Berho Goñi eta Maria Azpiroz Hernandorena emakumezkoetan, 02:12:15 denborarekin. Bikote mistoetan, berriz, Aitor Begino Irigoien eta Amaia Jorajuria Mendiburu izan ziren garaile 01:45:54 denborarekin.

Argazkiak: Mikel Hualde, Ondikol eta antolakuntza taldea

Iruritako III. Mendi Duatloia jokatu zen igande goizean eta 44 bikotek eta bakarkako 11 partaidek parte hartu zuten lasterketan. Antolatzaileek azaldu dutenez, «eguraldiak lagunduta jendetza bildu zen, ikaragarrizko giroa sortu zen herrian eta ibilbide guztian zehar ere jende pila bat izan zen kirolariak animatzen. Herriko jendearen erantzuna ere bikaina, auzolan erraldoi bat bilakatu zen eta antolakuntzatik bakarrik esker hitzak ditugu».

Bakarkako proban, Eneko Gurrutxaga Ugarte izan zen garaile 01:38.26 denborarekin, Iñigo Aseginolaza Garmendia bigarren 01:42:11 emaitzarekin eta Mikel Urtxegi hirugarren 01:47:33 denborarekin. Unai Plaza Arnal lekaroztarrak podiumera igotzea lortu zuen ia, hiru segundoko aldeagatik.

Binakako proban, gizonezkoetan Hodei Aleman eta Unai Barazabalek irabazi zuten 01:30:14 denborarekin, Koldo Herrera eta Iñigo Arrieta izan ziren bigarren 01:31:34 denbora lortuta eta Enaitz Bertiz eta Ekaitz Bertiz hirugarren 01:32:59 emaitzarekin.

Binakako emakumezkoetan, Josune Berho eta Maria Azpiroz izan ziren txapeldun 02:12:15 denborarekin, eta Sarai Maritorena eta Mikele Etxekolonea bigarren 02:18:55 denbora lortuz.

Bikote mistoetan Aitor Begino eta Amaia Jorajuria izan ziren garaile 01:45:54 denborarekin, Asier Biurrarena eta Ainhoa Etxegarai bigarren 01:47:50 denborarekin eta Ainhoa Retegi eta Beñardo Petrikorena hirugarrenak 01:51:35 emaitzarekin.

Honez gain, lasterka eta bizikletan azkarren ibili ziren lehiakideak saritu zituzten. Korrika Eneko Esparza eta Noemi Martiarena izan ziren nagusi, eta bizikletan Koldo Herrera eta Josune Berho. Iruritarrei dagokienez, Julen Loiarte eta Ainhoa Retegi izan ziren herriko lasterkari azkarrenak, eta bizikletan Hodei Alemanek lortu zuen saria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun