Baztango Berdintasun Batzordeak Zinegoak jaialdiko film laburren proiekzioa antolatu du ortziralean, maiatzaren 17an ospatuko den LGTBIfobiaren kontrako egunaren harira. Bilboko gaylesbitrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdia da Zinegoak, kulturaren bidez aniztasun eredua hedatzea eta herritar guztiei erreferenteak eskaintzea helburu duena. Arizkuneneko hitzaldi aretoan 18:30ean izanen da emanaldia eta herritar guziei zuzendua egonen da.
Zehazki, zazpi film labur proiektatuko dituzte:
- Irrits, Maider Oleaga (Euskadi, 2022). 15 min.
- Warsha, Dania Bdeir (Libano/Frantzia, 2022). 15 min.
- Arnasa, Raul Barreras (Euskadi, 2022). 15 min.
- Dating Internet Strangers, Eduardo Wahrhaftig (Brasil, 2022). 12 min.
- Son, Marta Nieto (Espainia, 2022). 15 min.
- Ezohikoak, Alejandra Bueno (Euskadi, 2022). 10 min.
- It's a gray, gray world, Seyed Mohsen eta Pourmohseni Shakib (Iran, 2022). 5 min.
Berdintasun Batzordeak adierazi duenez, «LGTBI+ kolektiboaren errealitateak ezagutzeko, sexu eta genero aniztasuna balioan paratzeko eta LGTBIfobiaren prebentzioan aurrerapausoak emateko» antolatu dute jarduera.