DRS Razing taldeak eta Nafarroako Automobilismo Federazioak Izpegiko V. igoera antolatu zuen joan den larunbatean. Hainbat taldeko 41 ibilgailuk parte hartu zuten igoeran eta eguraldia lagun, giro ederra izan zuten. Partaide guztiak ibili ondotik, sari banaketa egin zuten arratsaldean.
Turismoen kategorian Bruno Scherer izan zen garaile Porsche 911 autoarekin, Andoitz Garmendia bigarren BMW M3arekin eta Iñaki Zozaia hirugarren Porsche 911rekin. Monoplazetan, berriz, Andoni Blas izan zen lehenbizikoa Speed Car GT autoarekin, Abel Lombardo bigarren Dallara F3arekin eta Iker Palacios hirugarren BRC B52arekin.
Sari banaketaren ondotik, omenaldi hunkigarria egin zioten Jon Oskozi, Elizondoko motorzalea izan zenari. DRS taldeak oroigarriak eman zizkion familiari eta Jonen irudiak ikusi zituzten bideo batean.