Elizondoko Lanbide Eskolak sukaldaritza ikastaroa antolatu du Gizarte Zerbitzuekin batera

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 8a, 15:00

Lanbide Eskolako ikasleak irakasle bihurtu dira eta bertako platerak prestatzen irakatsi diete kanpotik etorritako 12 laguni

Elizondoko Lanbide Eskolako Ostalaritza eta turismoko laguntzaile zikloko ikasleek sukaldaritza ikastaroa antolatu zuten apirilean, Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdiko Gizarte Zerbitzuekin batera.

Gu Irakasle proiektuaren barnean antolatu dute ikastaroa. Proiektu honetan, zerbitzu solidarioen bidez, hainbat ikastaro prestatu eta ematen dituzte; azukrerik gabeko postreen kurtsoa, mahai-jolasen tailerra, eta kasu honetan egin bezala, sukaldaritza ikastaroa. Graduko zazpi ikasle aritu dira irakasle lanetan eta 12 lagunek parte hartu dute ikastaroan: kanpotik etorriak, Baztanen bizi direnak eta etxeko lanetan aritzeko interesa dutenak.

Hiru saiotan banatu dute ikastaroa. Lehenbizikoan irakasleek egin zituzten platerak eta parte hartzaileak begira egon ziren. Bigarren saioa parte hartzaileagoa izan zen, eta ikasleek platerak prestatu zituzten irakasleekin batera. Hirugarren saioan, berriz, ikasleek beraien lurraldeetako plater tipikoak prestatu zituzten. Akitzeko, errezeta guztiak bi liburuxkatan bilduak eman zizkieten.

Antolatzaileek azaldu dutenez, esperientzia «arras positiboa» izan da: «interesgarria izan da Ostalaritza eta turismo laguntzaile zikloko ikasleak irakasle bihurtzea, eta baita erronka bat ere. Bertze aldetik, bertze lurraldeetako platerak ezagutzea eta beraien errezetak egitea aberasgarria izan da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun