Errugbiaren gaupasa antolatu du BRTk maiatzaren 13an Larraintzarren

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 4a, 20:00
BRT Menditarrak taldea laguntzeko gaupasa maiatzaren 13an eginen dute Larraintzarren. Argazkia: Pello San Millan

BRT Menditarrak taldeak Errugbiaren Gaupasa antolatu du bertze behin Larraintzarren, aurten maiatzaren 13an. 19. edizioa izanen da eta joan den urtekoaren egitaraua segituko du, baina berritasun batekin: arratsaldean errugbi lehiaketak izanen dira. Afariari dagokionez, joan den urtean bezala bokatak izanen dira zikiroaren ordez. Baztango aratze baten zozketaren inguruan egin diren kontsultak erantzunez oharra ere argitaratu du BRT Menditarrak taldeko zuzendaritza batzordeak.

Egitaraua

Maiatzaren 13an, larunbatean 15:30ean haurrendako errugbia. 17:00etan Rugby Seven txapelketa. 20:00etan musika Los Txingones de la Rencle taldearekin eta bokatada. 21:30ean zozketa. 22:00etan Bizpahiru taldearen musikaz gain, antzerkia eta sorpresak izanen dira. 07:00etan DJ Sahi (kanpoan). Etxera bueltatzeko autobusa ere izanen da Larraintzarretik Doneztebe eta Elizondora eta Iruñera.

Horrez gain, gaupasarako zozketa abiatu dute jokalariek. Lehenbiziko sarian lau aukeren artean hautatzen ahalko da: bi lagunendako bidaia Senegalera zortzi egunetarako, bizikleta elektriko bat, egurra xehatzeko makina edo Baztango aratze bat. Bigarren sariak, berriz, eskualdeko produktuez osatutako bi saski izanen dira. Txartelak bi eurotan lor daitezke taldeko edozein kiderekin harremanetan jarrita.

Aratze baten zozketari buruzko oharra

Aipatzekoa da BRT Menditarrak klubeko zuzendaritza batzordeak, hainbat elkartek, kolektibok eta Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzuko Animalien Ongizaterako atalak Baztango aratze baten zozketari buruz egindako kontsultari erantzunez informazio oharra argitaratu duela. Honela, irabazi asmorik gabeko kluba dela gogorarazi ondotik, zozketa hau «Baztan, Malerreka, Bortziriak eta Ultzamaldeko gazteei kirol hau eskaintzeko dugun finantziazio iturrietako bat» dela jakinarazi dute. Zozketan lau sari daude eta sarituak horietako bat aukeratu beharko du. Sari posibleetako bat Baztango aratze bat da. «Aratze hau bailarako ustiategi txiki bati dagokio –dio oharrak–, ekologikoan lan egiten du eta aratze-haragi sortak egiten ditu. Loteok baserritik kontsumitzailearengana eramaten dituzte, bitartekaririk gabe, elikagai osasungarria eskainiz eta Km 0».

BRT Menditarrak klubak aratzearen prezioa ordainduko dio ustiategi horri, eta sarituak haragi loteen bidez hartuko luke saria. Horrela, BRT Menditarrak klubak uste du Nafarroako etxe animaliak babesteko Foru Legea une oro betetzen duela.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun