Baztango txistulari gaztetxoen maila saritu dute Euskal Herriko Txistulari Gazteen Txapelketan

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 3a, 18:00

Argazkia: Juan Mari Ondikol.

Joan den larunbatean Euskal Herriko Txistulari Gazteen Txapelketa jokatu zuten Bilbon, eta Baztango txistulariak bikain moldatu ziren. 12 urtez beheitikoen kategorian lehendabiziko saria Aitor Ripa Eritze iruritarrarendako izan zen; 13 eta 16 urtekoen kategorian, sari nagusia Izar Inbuluzketa Arroabarrenek (Elizondo-Orkoien) hartu zuen eta bigarren saria ere Baztanen gelditu zen: Iruritako Eneko Irazoki Vielarendako izan zen.

Euskal Herriko Txistulari Gazteen Txapelketaren harira, Nafarroako, Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat txistulari gaztetxoren bilgune izan zen joan den larunbatean Bilboko BBK Aretoa. 22 bakarlarik parte hartu zuten eta horien artean ziren saria eskuratuta etxeratu ziren Aitor Ripa Eritze, Izar Inbuluzketa Arroabarren eta Eneko Irazoki Viela.

Aitor Ripa Eritzek A kategorian parte hartu zuen, hau da, 12 urtez azpikoetan. Parte hartu ez ezik, epaimahaiak lehendabiziko saria eman zion eta hala, beretako izan ziren 250 euro, garaikurra eta txapela.

B kategorian, berriz, 13 eta 16 urtekoen kategorian, lehendabiziko bi postuak Baztanen gelditu ziren. Sari nagusia (300 euro, garaikurra eta txapela) Izar Inbuluzketa Arroabarrenendako izan zen. Berez, Orkoiengoa bada ere, gurasoak Elizondokoak ditu Inbuluzketak. Bigarren postua Eneko Irazoki Viela iruritarrarendako izan zen eta 250 euro eta garaikurra hartu zituen saritzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun