Eskualdeko 66 ikaslek parte hartu dute Gaztetik Gaztera jardunaldian asteburuan

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 3a, 14:00

Lantaldetan banatuak, komertzioetako belaunaldi erreleboaren erronka landu dute Elizondoko Arizkunenea kultur etxean

2022ko udan, Baztan, Bidasoa eta Malerrekako enplegu mahaia osatu zuten lekuko hainbat eragilek: Nafar Lansarek, zenbait alkatek, Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateak, MCZk, institutuek, Cederna Garalurrek, Eisolek… eta eskualdeko eragileen arteko harremana sustatu eta informazioa elkarbanatzeaz gain, inguruko behar eta erronkak identifikatzea zuten helburu.

Erronka horien artean, «hain ezaguna den belaunaldi erreleboa, batez ere komertzio arloan». Hori dela eta, gazteak sentsibilizatzeko helburuarekin, Gaztetik gaztera jardunaldia antolatu zuten joan den ortziralean Arizkunenean. Toki Ona, Mendaur, Lekaroz eta CIP Elizondo hezkuntza zentroetako 66 ikaslek parte hartu zuten jardunaldian.

Bertan, «faktore anitzeko erronka honi buruz lan egin eta hausnartu zuten, eta datozen urteetan izaten ari diren eta irits litezkeen inpaktuei buruz sentsibilizatu ziren». Jardunaldia lehiaketa formatuan egin zen; ikasleek, bederatzi lantaldetan banatuta, aurkeztutako lanbideetan erreleboa hartzeko hautagai posibleak bilatu behar izan zituzten. Lesakako eta Beintza-Labaiengo alkateek parte hartu zuten jardueran, eta gazteei azaldu zieten nola eragiten dien arazo horrek beren udalerriei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun