2003tik Lanaren Nazioarteko Erakundeak Laneko Segurtasun eta Osasunaren Munduko Eguna ospatzen du apirilaren 28an, lan istripuen eta lanbide gaixotasunen prebentzio sustatzeko. Egun horri begira, Elizondoko Lanbide Eskolak gaia lantzea erabaki du, eta horretarako mahai-inguru bat antolatu dute gaur goizean.
Adierazi dutenez, «Lantokietako Prestakuntza eta Orientabidea moduluan ez ezik, gainerako moduluetan ere, gure eguneroko jardueretan, ikasle zein irakasle izan, laneko segurtasunaren integrazioaren alde lan egiten dugu. Gainera, Lan arriskuen Prebentziorako Oinarrizko titulazioak eskatzen dituen edukiak lantzen dira, 39/1997 Errege Dekretuak ezarritako edukia eta iraupena duen Oinarrizko Teknikari Titulazioa eskuratuz gure ikasleek».
Ikasleek gaiarekiko sentsibilizazioa lortzeko, Gorka, Alaitz eta Kizkitza irakasleen eskutik, lan arriskuen prebentzioan jarduten duten hainbat gonbidatuk parte hartu dute mahai-inguruan: Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Teknikaria den Javier Razkin (ISPLN), laneko istripua jasan duen eta bere bikotea den Patxi Mugika eta Belen Arribilaga, eta ELA, LAB eta STEILAS sindikatuko ordezkariak diren Andoni Larralde, Mikel Auza eta Iñigo Barace, hurrenez hurren.
Jardueran hainbat gai landu dituzte: «laneko istripua jasateko probabilitatea handitzen duten ezaugarriak, horien artean gazteen egoera, laneko istripu zein gaixotasunen datuen errepasoa, emakumeak jasaten dituzten desberdinkeriak lantokietan, laneko arriskuen prebentzioaren egungo egoera enpresetan eta gonbidatuek jokatzen duten papera, istripuen gertakizunak, osasunaren kontzeptua, arrisku faktoreen detekzioa eta honen kudeaketa enpresan, langile zein enpresaburuaren betebeharrak eta eskubideak». Laneko arriskuen prebentzioan informazioa eta formakuntzak duen garrantzia azpimarratuz akitu dute mahai ingurua.