Hegaztiei buruzko ibilaldia egin dute asteburuan Baztanen

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 25a, 13:00

Markos Isasik eta Gorka Valdesek eman zituzten azalpenak.

'Baztango hegaztien eta kulturaren arteko loturak: begirada ekologikoa' izeneko ibilaldia egin zuten igandean Baztanen, Elizondo eta Elbete artean hain zuzen. Baztango Talde Ekosozialak eta Amezti elkarteak antolaturik hogeita hamar lagun inguru elkartu ziren Markos Isasi eta Gorka Valdes —biologoa eta ingurumen-zientzialaria hurrenez hurren— gidari zituztela.

Elizondoko plazatik hasita Baztan uhaldeari jarraiki Elbeteko errotaren ondoan akitu zuten ibilaldia eta tartean martin-arrantzalea, kaskabeltza, ur-zozoa, usapala, piro arrunta, enarak eta miru-gorria ikusi edo entzuteko aukera izan zuten.

Hegaztien behaketa eta entzuketa erranairu zaharrekin lagundu zituzten, maiz aski hegaztien ikustea sasoiak iragartzen dituelako edo eguraldiarekin zerikusia duten gertakariak.

Modu berean migratzen duten hegaztiei buruz mintzatu ziren eta klimaren aldaketarengatik, gertatu daitekeela beren jana diren intsektuen ernaldia eta hegaztien joan-etorriena bat ez etortzea eta horrek, hainbertze espezieren biziraupena kinkan uzten ahal duela.

Igandeko itzulixkaz gain martxoan Txoriekin solasean ibilaldia antolatu zuten Baztango Talde Ekosozialak eta Amezti elkarteak. Ordukoan Mikel Olano basozaina etorri zen, Aranzadi zientzia elkarteko ornitologoa, Isasi eta Valdes bezala.

Elizondon hasi zuten ibilbidea, eta Elbeten bukatu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun