Gaztetik gaztera jardunaldia eginen dute ortziralean Arizkunenean

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 24a, 19:00

Lekaroz, Toki Ona, Mendaur eta CIP Elizondoko 69 ikaslek parte hartuko dute eta lehiaketa formatua izanen du

2022ko udan, Baztan, Bidasoa eta Malerrekako enplegu mahaia osatu zuten lekuko hainbat eragilek: Nafar Lansareak, zenbait alkatek, Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateak, MCZk, institutuek, Cederna Garalurrek, Eisolek… eta eskualdeko eragileen arteko harremana sustatu eta informazioa elkarbanatzeaz gain, inguruko behar eta erronkak identifikatzea zuten helburu.

Helburu horien artean, «hain ezaguna den belaunaldi erreleboa, batez ere komertzio arloan». Hori dela eta, gazteak sentsibilizatzeko helburuarekin, Gaztetik gaztera jardunaldia antolatu dute apirilaren 28an, Elizondoko Arizkunenea kultur etxean 10:00etatik 13:30tara. Lekaroz, Toki Ona, Mendaur eta CIP Elizondoko DBH4ko 69 ikaslek parte hartuko dute.

Jardunaldiak lehiaketa formatua izanen du. Talde mistoetan eta dinamitzailtzaile baten laguntzarekin, hurrengo erronka aurkeztuko zaie ikasleei: gure herrietako belaunaldi errelebo aukeren mapa bat aurkeztuko zaie eta taldeka inguruko zein gazte edo pertsonek hartu dezaken erreleboa pentsatu eta proposatu beharko dute.  Pertsona horien ezaugarriak jarri eta izena jartzeko gai badira hobeto, profila zenbat eta zehatzagoa izan, puntuazio altuagoa izanen dute, eta irabazteko aukera gehiago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun