Erdizko meategiaren proiektuaz

2.000 lagun bildu dira Iruñeko karriketan landa eremuaren defentsan

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 23a, 08:30

Erdiz Bizirik plataformak deitutako manifestazioak jendetza bildu zuen atzo arratsaldean eta joare soinuz bete zituen hiriburuko karrikak

2.000 lagun inguru bildu ziren atzo arratsaldean Iruñean, Lurraren Nazioarteko Egunean, «gure lurra, bizimodua eta erabakitzeko ahalmena ukatu nahi digutenei, oztopo guztien gainetik Nafarroako landa eremua bizirik eta indartsu dagoela bertatik bertara erratera».

Magnesitas Navarras S.A. enpresak Erdizen egin nahi duen meategi proiektua «landa eremuaren kontrako eraso larria» dela adierazi zuten; «ez dugu onartuko proiektu honek, bakar batzuk aberastearen truke, mendez mende eta belaunaldiz belaunaldi jasangarria izan den bizimodua desagerraraztea».

UGEP proiektuen zabaltzea «inposizioa eta bortxa oinarri dituen ideologiatik bakarrik ulertzen ahal da. Legealdiz legealdi, hasiera batean UPNk abiatutako inposizioa, mantendu eta elikatu dute gibeletik etorri diren guztiek. Behin eta berriz, tokiko erakundeen autonomiaren gainetik pasatuz eta herri galdeketak debekatuz. Modu honetan, herri lurrak ebasten dituzte multinazionalei oparitzeko, demokraziaz mozorrotutako kolonizazioa erabiliz».

Herri galdeketen debekua eta «beraiei interesatzen zaizkienak legeak bakarrik betetzea» salatu zuten;«Zilbetin Natura 2000 babesgunean egoteagatik legez kontrakoa zen proiektua, orain Erdizen egin nahi dute eremu berean dagoela jakinda. Behin eta berriz, inpunitate osoarekin hausten dituzte legeak, eta hori egin nahi dute Erdizen ere. Kastejonen zentral termikoekin, eta, etxetik hurbilago, Aroztegiko pelotazo urbanistikoarekin egin duten bezalaxe».

Proiektua aitzinerat eramateak «Baztango tokiko ekonomian eragin ikaragarriak izanen lituzke bai nekazaritzan, turismoan, ingurugiroan, eta baita herritarren osasunean ere. Proiektu hau abiatu eta babesten dutenek Baztango lanpostuak eta herritarrak gutiesten dituzte nekazaritza eta landa eremuaren kontrako zapalkuntza areagotuz. Hiriaren eta hiriko bizimoduaren supremazismo honek, herri bezala dugun biziraupena arriskuan paratzen du».

Beraz, «gaur hirira etorri gara, bizitzaren aldeko borroka hau guztiona dela oroitaraztera. Eta nafar eta euskal herritar guztiei dei egitera Erdiz babestera eta proiektu honen kontra tinko borrokatzera. Bertze aldetik, agintarien hipokrisia eta Nafarroako Gobernuaren zuriketa berdea salatu nahi ditugu. Aho betearekin tokiko ekonomia, jasangarritasuna eta ingurugiroaren alde daudela erraten duten bitartean, eremu babestuak eta tokiko elikaduraren iturriak suntsitu nahi dituzte».

Arrazoi hauengatik, «Nafarroako Gobernuari eta hau babesten duten alderdi guztiei erran nahi diegu, proiektu honen tramitazioa lehenbailehen gelditu eta herritarren iritzia errespetatzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun