Unax Eraso Etxenike

«Sufritzeko eta gozatzeko aukera emanen du lasterketak»

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 23a, 08:00
Argazkia: Itzalak Phtography

Hiru urteko geldialdiaren ondotik, Iruritako III. Mendi Duatloia eginen dute aurten. Unax Eraso antolatzaileetako batek azaldu duenez, «eskualdean dauden bizikleta eta mendirako zaletasunak praktikan jartzeko aukera» ematen duen proba herrikoia da, eta gogotsu hartu diote antolakuntzari.

Maiatzaren 7an eginen da duatloiaren hirugarren edizioa, eta bi ibilbide izanen ditu; lasterka 8,5 km eta 290 metroko desnibelarekin eta bizikletan 19,75 km eta 640 metroko desnibelarekin. Izen-ematea apirilaren 29ko 22:00ak arte kirolprobak.com web orrian egin daiteke. Taldearekin harremanetan jartzeko iruritakoduatloia@gmail.com helbide elektronikoa jarri dute eskuragarri.

Noiz hasi zineten duatloia antolatzen? 

2018an. Pandemiaren aitzineko bi urteetan antolatu genuen eta emaitza aski onak lortu zirela kontuan hartuta, aurten berriz ere antolatzeko gogoa piztu zitzaigun.

Nolakoak izan ziren lehen edizioak? 

Arras arrakastatsuak, lehendabizikoan 150 kirolari inguru bildu ziren eta bigarrenean 200 kirolariren langa gainditu genuen.

Hirugarren edizioa prestatzen, aunitz aldatu da? 

Antolakuntza aldetik martxa hartu diogu. Egia da urtero ditugula lan berriak, eta gauza bat eta bertzea dela, lan dezente pilatzen dela. Aurten bi ibilbideetan aldaketak egin ditugu eta horrekin batera desagertutako xendaren bat ere berreskuratu dugu.

Antolaketa gogotsu hartu duzue?

Bai, pandemiaren ondorioz alde batera utzi behar izan dugulako ekimena azken hiru urteetan.

Lan haundia da?

Zer egin behar den aski ongi dakigun arren, praktikara eramate hori dezenteko lana da, bai. Eguberrietako oporretan bildu ginen lehendabiziko aldiz eta bertan adostu genuen data. Hori erabakita, gainerako kontuak lotzen hasi ginen.

Egunean bertan boluntarioen beharra ere izanen duzue, ez?

Bai, boluntarioen laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke proba hau aitzinera ateratzea. Baina ez boluntarioak bakarrik, ekimena aitzinera eramatera laguntzen diguten babesle guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, haien sostengurik gabe ezinen litzatekeelako lasterketa antolatu.

Eguraldia lagun izatea espero duzue edo tradizio bihurtu da eguraldi kaskarrarekin egitea?

Aitzineko bi edizioetan izan dugun eguraldia hobetzea ez da gauza zaila, beraz, ziurtatu dezakegu aitzinekoetan baina eguraldi hobea eginen duela! Hala ere, mendi duatloi batek tartean euria, lohia… baditu ere, aski dibertigarriak izaten dira.

Aurten ibilbidea aldatu duzue. Zergatik?

Aitzineko edizioetan ibilbidea herritik dezente urruntzen zen, eta sumatu genuen denbora tarte batean herrian ez zela kirolaririk ageri. Aurten ibilbideak herri inguruan eginen dira, eta ikusleak momentu oro izanen du kirolariren bat herritik pasatzen ikusteko aukera. Herrian etengabeko mugimendua izanen da.

Zein da ibilbidearen tokirik bereziena?

Ez nuke toki bakarra aipatuko. Bi ibilbideak orokorrean aski politak dira, sufritzeko eta gozatzeko aukera ematen duten horietakoak.

Lasterketa banaka eta binaka egin daiteke, ezta?

Hori da. Banaka egiteko aukeran kirolari bakarrak egiten du lasterka eta bizikletan. Binaka egitean, bikotekide bakoitzak modalitate batean parte hartzen du eta gero bi denborak batzen dira. Normalean, bikoteka aunitzez ere jende gehiagok ematen du izena.

Zerbait gehitu nahi duzu?

Eskertuko genuke proban parte hartu behar duen kirolari orok lehenbailehen izena ematea. Guretako beharrezkoa da zenbat kirolari izanen diren jakitea, antolakuntzan eragina baitu 50 edo 200 kirolari etorri behar diren jakiteak. Horrez gain, ibilbideak kirolprobak.com webgunean daude, baina norbaitek nahiago badu antolakuntzako batekin egin, gurekin kontaktuan jarri eta gustura lagunduko diogu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun