Erdizko meategiaren proiektuaz

Sustrai Erakuntzak Erdizko meategiaren aurkako manifestazioan parte hartzeko deia egin du

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 20a, 17:00

Larunbatean 17:00etan Iruñeko Antoniutti parketik abiatuko da Erdiz Bizirik plataformak 'Landa eremuaren defentsan' lelopean antolatutako mobilizazioa

Sustrai Erakuntza Fundazioak bat egin du Erdiz Bizirik taldearekin, Magnak Erdizen egin nahi duen meategi egitasmoaren kontra. Azaldu dutenez, «Alduide Mendiko Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) barnean dago eta balio natural garrantzitsua du. Bertako larreak Baztango abeltzaintza ustiategi sostengarri askotako abereentzako elikadura iturri garrantzitsua da».

Izan ere, «lurraldea modu jasangarrian erabiltzen duten ustiategiak dira hauek, paisaiak eta ekosistemak mantentzen dituztenak, ganadua modu estentsiboan izanik eta lurrari lotuta dagoen sistema bat erabiliz. Nekazaritza eta abeltzaintza eredu hau kapitalismoa bultzatzen ari denaren guztiz kontrakoa da, eta Valle de Odietako makrogranjan adierazpenik handiena duena, gure geografian ezartzen ari diren beste makrogranja asko ahantzi gabe».

Gainera, Nafarroako Gobernuak «oso kutsagarria den eta abeltzaintza eta nekazaritza industrialaren zerbitzura dagoen meatzaritza eredu hau hedatzen laguntzen duela» salatu dute, «horretarako Udalez Gaindiko Plan Sektorialak edo UGPS bezalako figura administratiboak inposatuz». Magnesitas Navarras SA enpresa «patrikak gizentzea interes bakarra duen multinazionala» dela adierazi dute, «ingurumena eta nekazaritza eta abeltzaintza tradizionala batere kontuan hartu gabe».

Azkenik, «UGPS bezalako figura administratiboek enpresa haundien onura pribaturako bakarrik balio dutela» gehitu dute, «komunalaren kontrako eraso eta galeraren kontura». Horregatik, argi utzi dute «behar dugun lurraldearen ereduaren plangintza demokratikoaren alde egin behar dugula eta lurrari lotutako nekazaritza eta abeltzaintza iraunkorra defendatu behar dugula» eta manifestaziora joateko deia zabaldu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun