Ekaitz Goikoetxeak 'Balio erantzia' liburua aurkeztuko du igandean Txokoton

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 20a, 16:00

Txokoto tabernak hainbat kultur ekitaldi antolatu ditu apirilean, eta azkena igandean honetan izanen da, apirilaren 23an 19:30ean. Ekaitz Goikoetxeak Balio erantzia aforismo liburua aurkeztuko du goiko solairuan, eta sarrera librea izanen da.

Ekaitz Goikoetxea
 
Euskal bertsolari eta bertso-jartzailea da, Euskal Filologia ikasi zuen eta euskara irakaslea da. Arlo aunitz landu dituen sortzailea da; bertso mundutik hasi zen, eta azken urteotan, bertso-paperak eta aforismoak lantzen aritu da, baita sari mordoa irabazi ere. Horrez gain, Trans-formatzen dokumentalaren egile izan da Garazi Zabaleta eta Aitor Lanasekin batera eta Huntza taldearentzat hainbat abesti idatzi ditu.
 
Gaur egun, Popatik bandako kide da, Kimua Dantza Kolektiboko dantzariekin GenEroa emanaldia eta Josu Maroto marrazkilariarekin Balio erantzia erakusketa aurkezten ari da herriz herri. Aforismo liburu batekin datorkigu oraingoan, berezkoa duen zorroztasun eta sentikortasuna lagun.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun