Europar Batasunak Ecolabel zigilua eman die Elizondoko Markulluko Borda apartamentu turistikoei. Maxux Goñi jabeak azaldu digunez, «ziurtagiri boluntarioa da, baina arras exijentea, eta modu jasangarrian lan egiten dugula ziurtatzen du. Ingurugiroa, gastu energetikoa eta tokiko kultura eta bizimodua zaintzen dituzten etxeak aintzat hartzen ditu. Momentuz, Nafarroan hiru bertzerik ez gara, eta estatu mailan 60 baino guttiago. Arras gutti da, pentsa, Baztanen bakarrik 220 jabe baikara. Euskadi aitzindaria da honetan eta jaurlaritzak honen aldeko apustua egin du, 37 etxe inguru baitira».
Markulluko Bordari dagokionez, «nire lan egiteko modua jasangarria da, eta hori norbaitek ziurtatzea nahi nuen, horregatik aukera dut ziurtagirian sartzea. Luze izan da, dena dokumentatu eta erregistratu behar delakoz; zenbat ur eta argi gastatzen den, zein energia mota, zer motako hondakinak sortzen diren, zenbat kilo astero… Dena ongi egiten dela ziurtatu behar da, ingurumena eta bizi garen lekua errespetatuz. Lana da, baina hasiz gero ez da hain zaila». Apartamentuek eguzki-panelak eta biomasa galdera dituzte, gainera, ehun begetalak erabiltzen ditu ohatzeetan eta bertako produktuei garrantzia ematen die.