'Irakurbide feministak euskal literaturan' solasaldia emanen du Iratxe Retolazak asteazkenean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 17a, 12:00

Apirilaren 19an 18:00etan Baztango Liburutegi Publikoan izanen da hitzordua

Baztango Udalak, Bortzirietako eta Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateek eta Sakanako Mankomunitateak Literatura Geraldiak ekimena martxan paratu dute aurten ere. Helburua euskaraz irakurtzeko ohitura eta zaletasuna zabaltzea, euskarazko kultur kontsumoa eta liburugintza indartzea eta liburutegi publikoen erabilera sustatzea da. Horretarako, hainbat solasaldi antolatu dituzte, horietatik bi Baztanen, Idazleekin Solasean elkartearen eta Baztango Euskara Zerbitzuaren eskutik.

Aste honetan izanen da lehenbizikoa, apirilaren 19an 18:00etan Baztango Liburutegi Publikoan. Iratxe Retolaza idazleak 'Irakurbide feministak euskal literaturan' solasaldia aurkeztuko du. Azaldu dutenez, «hitzaldi honen asmoa da literaturak feministondako zertarako balio duen erakustea. Baita hausnarketa egitea ere, heziketa literario bat jaso dugula, eta heziketa horretan, oharkabean, balore batzuk jaso ditugula denok. Nahi ala ez, eredu batzuk, kanon asko, ikuspegi matxista batetik ezarriak dira».

Bigarren hitzordua heldu den asteazkenean, apirilaren 26an izanen da, liburutegian 18:00etan. Eider Rodriguez autoreak Idazleen gorputzak liburua aurkeztuko du. Bertan, «idazleak, literaturaren inguruko hausnarketa eta kritika ez ezik, emakumeek literaturan duten tokiaren inguruko datuak eta emakume idazleen ahotsak dakartza».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun