Geroztik, «guztiz aldatu da teknologia, eta baita bezeroaren ikuspegia ere. Argazkilariaren figura medikuaren parekoa zen lehen, ohore haundikoa, eta behartsu naiz dirudunek denek nahi izaten zuten familiako argazkia. Gure aitatxiren garaian argazkiak etxeko atarian egiten zituzten, eta arropa dotorerik ez bazuten barrideari eskatzen zizkieten. Argazki bakarra egiten zen, baina argiztapena eta enkoadraketa ongi zainduz». Gaur egun «edozein momentutan ehun argazki egin daitezke eta bat aukeratu. Baina guk lehenagoko moduan egiten dugu lan; argazki gutti baina zainduak. Gure lanarekiko pasio haundia dugu eta hoberena ematen saiatzen gara».
Etxean ikasitakoaz gain, «Felixek argazkigintza ikasi zuen eta nik diseinu grafikoa, eta elkarrekin lanean tandem bat osatzen dugu. Bera gehiago espezializatzen da kameran eta ni erretratatutakoak bere alderik onena eman dezan saiatzen naiz, sentsibilitate puntua paratuz. Albumen enkoadernazioaz eta argazkien diseinuaz ere arduratzen naiz».
Gaur egun, «argazkigintza guztiz aldatu da eta lana guttitu egin da, aunitzetan norberak egiten dituelako argazkiak, nahiz eta aunitz gugana etorri oraindik kalitatezko argazkien bila». Garaietara moldatu nahian, «barne-diseinurako argazkiak egiten eta etxeko dekorazioan aholkatuz hasi gara; ezkontzako edo estudioko erretratuekin, paisaiekin eta bizitzako momentuak irudikatzen dituzten argazkiekin, collage bat egiten dugu paretarako. Arras polita izaten da eta jendea arras kontent gelditzen da emaitzarekin».