Ardo
«Nahi duzunean, elkarrekin edango dugun hori izango da, mundu honetako, planeta osoko, unibertsoko… ardorik onena». Morau
Ardoari gorazarre eginez, madarikatuz edo bere eraginaren pean idatzi eta kantatutako doinuak milaka izango direla ziur gara, baina lehen hitzetik azkenera, izenburu eta barneko liburuxkako marrazkietan, zuku gorriaren lilurari guztiz eskaini zaizkion diskorik edo hobe esan, disko libururik (12 kantu, 50 poema eta 24 ilustrazio baitira guztira artefaktua osatzen dutenak) nekez gogoratzen dugu. Are gutxiago, Morauren sentsibilitate xarmagarriaz edabe magikoaren alderdi guztiak hain modu ederrean azaldu dutenak. Plazerak, jakin-nahiak, eta, batez ere, zaletasunak eskutik hartuta eginda daude abesti denak Morauren esanetan, eta hitzez hitz, notaz nota, doinuen zirrikitu guztiak blaitzen dituela eta era berean, geu entzuleok blaitzen (eta pittin bat mozkortzen) gaituela esan daiteke.
Andoni Tolosa Morauk, Jonatahn Richman edota Billy Bragg moduko sortzaileen modura, kostunbrismoz jositako bineta musikal txiki, hunkigarri bezain zorrotz eta dotoreak sortzeko gaitasun paregabea erakutsi du beti. 90eko hamarkadan, pare bat maketa grabatu eta ia urtebetez Xabier Montoia abeslariarekin (Hertzainak, M-ak) taberna eta areto txikietan kontzertuak ematen hasi zenetik perlaz betetako diskografia bikaina eskaini digu bidean. Morau (Gaztelupeko Hotsak, 1996) edo Kantu galduak EP akustikoan (Gaztelupeko Hotsak, 1998) doinu eta hitzen ateko oreka goxo, intimo eta aldi berean sozial horren moldea ezarri eta kolaboratzaile ezberdinen laguntzaz zabaltzen eta koloreztatzen joan da urte guzi hauetan. Hala nola, 'Amodio Domestikoak', Txukalda', 'Kalamidadiak' edota autoekoiztutako azken 'Arrainentzako Himnoak' eta 'Egunsentiak alperrentzat' lanetan Joseba Tapia, Ñaco Goñi, Petti, Joxi Ubeda, Beñardo Goietxe, Maite Arroitajauregi, Jose Afonso musikari apartak aurki ditzakegu. Bere abestien itxurazko xinpletasunaren atzean folk, power pop, country edota bossa nova-ko aztarna zoliak fintasun zoragarriz barreiatu izan ditu eta Ardo aberastasun guzi horren destilazio fina dela esan genezake.
Azkenaldi honetan, Beñardo Goietxe (Noise Hole, Mugalariak…) gitarra jole eta abeslari beratar paregabea izan da bere kolaboratzaile ohikoena, eta bikote moduan sinatu izan dituzte bai grabaketak baita emanaldiak ere. Ardo diskoan Beñardo da musikari nagusia ere, abestien biluztasun hunkigarriari ekarpen lauso aberasgarriak eginez beti. Diskoaren estetika eta kontzeptua bat eginez beste aspaldiko kolaboratzaile bat dugu; Iñaki Martiarena Otxotorena, Mattin, komikigilea hain zuzen ere. Bereak baititugu liburuxka eta azalaren protagonista diren marrazki eder guziak. Hitz guztiak Andoni Tolosarenak dira, Gorka Erostarberen 'Sagar Erdiak' ezik, eta Morau eta Beñardoz gain Raul Garziaren harmonika eta 'Sagar Erdiak' kantuan Peio Gorrotxategiren teklatuak hornituta dator 2022an azken honek grabatua eta Jonan Ordorikak masterizatutako grabaketa bikain hau.
Kopa altxatu, ospatu eta gozatzeko unea da. Ardoaren inspirazio betierekoa eta artista talde aparta honek eskaintzen digun kontakizun eta bizipen bilduma zoragarri honek, sarritan geuk bizi eta sentitutakoak gogoratu eta berpizten baitizkigu. Topa!