Baztango I. Areto-futboleko Txapelketa Solidarioa arrakastatsua izan da

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 11a, 15:00

Bederatzi taldek parte hartu dute txapelketan eta Aietzak izan dira irabazleak. Antolatzaileek 800 euro bildu dituzte, Baztango eskola ttikiei eta Bidelagun elkarteari laguntzeko

Baztango I. Areto-futboleko Txapelketa Solidarioa antolatu zuten bailarako hainbat gaztek apirilaren 5etik 9ra Elizondoko kiroldegian. Bederatzi taldek parte hartu zuten, hiru multzotan aritu zirenak. Larunbatean jokatu zituzten finalerdiak eta igandean, berriz, finalak. Irabazleak Aietzak izan ziren, bigarren postuan Basaburua, hirugarrenak Vozka Juniors eta laugarren Gartzain. Honez gain, txapelketako atezain onena Iñigo Berro izendatu zuten, jokalari onena Andoni Etxenike eta pitxitxia Elur Meoki 10 golekin.

Guztira 800 euro biltzea lortu zuten, horietatik 400 euro Bidelagun elkarteari bideratuak eta gainerako 400 euroak Urdazubi, Zugarramurdi eta Baztango Eskola Ttikiei. Aritz Elizegi antolatzaileak azaldu duenez, «arras ongi joan zen, jende pila bat hurbildu zen eta giro arras ona izan genuen bortz egunetan». Heldu den urteari begira, «berriz ere egiteko gogoarekin gelditu gara».

Txapelketa antolatu duten Baztango bortz gazteak: Mario Lopez, Alex Santano, Aimar Telletxea, Unai Orbegozo eta Aritz Elizegi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun