Aroa Urteaga, Beñat Verde eta Anne Garmendia dira ikasketa akaberako lanen bekaren irabazleak

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 11a, 10:30

Hiru lan aurkeztu dira Baztango Udalaren dirulaguntza deialdira eta hiruak bete dituzte baldintzak, beraz, lanak akitzean 500 euroko sari bana jasoko dute irabazleek

Urtero bezala, bailararekin zerikusia duten ikasketa akaberako lanak eta proiektuak diruz laguntzeko beka deialdia egin du Baztango Udalak, eta aurten hiru saritu izanen ditu: Aroa Urteaga Amiano, Beñat Verde Mugiro eta Anne Garmendia Zubikoa elizondoarrak. Hiruek dirulaguntzaren baldintzak bete dituzte, eta lanak aurkezterakoan 500 euroko sari bana jasoko dute.

Aroa Urteaga Sorkuntza eta Diseinuko gradua egiten ari da EHUko Arte Ederren fakultatean. Bere lanaren helburua bailara irudikatuko duen grabatuen bilduma osatzea da, herri bakoitzeko marrazkiak artista liburu moduko batean lotuz eta herri bakoitzaren elementu adierazgarrienak (eraikinak, monumentuak, landaredia…) irudikatuz eta bilduz.

Beñat Verde Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzan Gradua ikasten ari da NUPan. Dirulaguntza deialdirat aurkeztu duen egitasmoa 'Onddoek eragindako eritasunekiko toleranteak diren mahasti barietateen azterketa eta mahastizaintza eta ardogintzaren potentziala Baztanen' da.

Azkenik, Anne Garmendia Haur Hezkuntzako Irakasle Gradua ikasten ari da NUPan eta 'Adingabeek familia barruan pairatzen dituzten tratu txarren detekzio goiztiarra marrazki analisiaren bitartez' lana eginen du. Bere lanaren alderdi praktikoa Baztango Gizarte Zerbitzuei, Foruzaingoari, Elizondoko pediatra eta Baztan Ikastolako irakasleei galdetegi bat betearaziz eginen du, horrela, arlo horietako profesionalen ezagutzak eta haien arteko lan koordinazioaren inguruko informazioa lortuz.

Bekaren epaimahaia Lekaroz ikastetxeko eta Elizondoko lanbide heziketa ikastetxeko zuzendariek, Baztango Cederna-Garalurreko teknikariak eta Baztango alkateak osatu dute.

Hamaika dirulaguntza

2016an lehen aldiz deialdia egin zenetik denera hamaika laguntza eman dira eta Baztanekin zerikusia duten lan hauek egin dira: turismoa Baztanen; XVII-XVIII. mendeetako goi-mailako etxeen tipologia;  mutil-dantzak eta emaztekien parte hartzea; Baztango haur eskolaren proiektu pedagogikoa; Amaiurko euskararen berezitasunen azterketa; emakume etorkinen egoerari buruzko lana; Baztango nekazaritza XVI. mendetik XVIII. menderat; Baztango turismoa iraunkorra al da? azterketa; Baztango kaparetasun unibertsalaren bilakaerari buruzko Ikerketa; Anizko Jauregia esnekietarako postretarako esneki berri baten diseinua; eta iazkoa, autokontsumo partekaturako potentzialitate fotovoltaikoaren azterketa Berroetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun