Jaione Elizagoien Elizegi

«Pandemiaz geroztik, herriko plazak beteago daudela sumatu dugu»

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 9a, 08:00

«Musikaz eta momentu ttikiez disfrutatzea maite duen baztandarra» da Jaione Elizagoien Elizegi. Hauspolarien kide da duela hamar urte taldea sortu zenetik, eta Baztan Kantuz ekimenarekin herriz herri ibiltzen dira karrikak girotzen

Nola hasi zinen musikarekin? 

Ttiki-ttikitatik egon izan naiz musikaren munduan murgilduta. Familian euskal musikarekiko afizio haundia egon izan da eta badago, eta horrek niregan eragina izan du. Sei urte nituela solfeoa ikasten hasi nintzen Baztango Musika Eskolan eta zazpi urterekin akordeoia jotzen. Oraindik ere akordeoia jotzen segitzen dut, eta duela urte batzuk teklatua jotzen hasi nintzen.

Noiz osatu zenuten Hauspolariek? 

2013an sortu genuen taldea. Horren aitzinetik ni nire kontu hasia nintzen inauteri, bazkalondo eta kinto bestetan bakarrik jotzen, 16 urte inguru nituela. Handik urte batzuetara Irune ezagutu nuen eta elkarrekin jotzen hasi ginen biak, baina lehenengo ahotsa egiteko norbait behar genuela eta, lehenagotik ezagutzen genuen Izaskuni aipatu genion. Udako arratsalde batez hiruak elkartu ginen, zer egiten ahal genuen ikusteko. Hantxe animatu eta uda horretan bertan Oronozko bestetan jo genuen lehenbiziko aldiz. Irune, Izaskun eta hirurok osatzen genuen taldea, baina zoritxarrez, gaixotasun baten ondorioz, Irunek ezin izan zuen taldearekin segitu…

Geroztik, hainbat herritan ibili zarete…

Bai, hala da, herriko bestetan eta baita bazkalondoetan eta antzekoetan ere. Bestetako bazkalondoko giroa aunitz gustatzen zait, herri bazkari edo zikiro ondoko joaldiak. Giro arras polita izaten da.

Erromeriak garrantzia haundia dauka oraindik eskualdean?

Bai. Egia da musika komertzialak indar haundia hartu duela gazteen artean, baina pandemiaz geroztik, herriko plazak beteago daudela sumatu dugu. Etorkizunean ere horrela segitzea nahiko nuke, ikusiko dugu…

«Baztan Kantuz euskal kantak ez atzentzeko modu polita da»

Testuinguru honetan, posible da musikatik bizitzea?

Arras zaila da. Gure kasuan, gainera, nabarmena da guk jotzen dugun musika estiloa gero eta guttiago aditzen dela gaur egungo gazteen artean, eta horrek eragina dauka. Hala ere, guk zaletasun gisa hartzen dugun zerbait da.

Baztan Kantuz ekimenean ere jotzen aritzen zarete, ezta?

Bai, duela bizpahiru urte jarri zen martxan Baztango Udalaren bitartez, eta bertan jotzeko aukera eman ziguten.

Nola funtzionatzen du?

Hilabeteroko hirugarren igandean herri batean izaten da ekimena, 15 herrietan kantuz aritzeko aukera emanez. Normalean gu Joxe Angel akordeoilariarekin txandatuz aritzen gara, bi hilabetetik behin jotzen.

Jende aunitz hurbiltzen da kantatzera?

Herriaren eta dataren arabera dela erranen nuke. Herri batzuetan kantatzeko ohitura gehiago dagoelako edo, jende gehiago hurbiltzen da. Hala ere, bertako jende gutti edo guttiegi hurbiltzen dela erranen nuke. Proportzioan, Iruñea aldetik edo Iparraldetik etortzen den jende gehiago egoten da.

Musikariak ere joaten dira, ezta?

Bai, normalean Izaskun eta ni akordeoiarekin egoten gara eta gainontzeko musikariak hurbiltzen dira, hainbat lekutatik etorriak, gitarra, harmonika, zeharkako txirula, klarinetea… jotzen dutenak. Giro ederra sortzen da.

Euskal kantuak bizirik mantentzeko modu bat da?

Hala dela erranen nuke. Hala ere, hurbiltzen den jende gehiena adin batetik goitikoa izaten da, gazte gutti ikusten dira. Ohitura kontuak direla uste dut, baina euskal kantak ez atzentzeko modu polita da, bai. Gainera, pandemia ondoko garaian, herrietara alaitasuna ekartzeko modua izan da. Batez ere adineko jendeak eskertzen duen zerbait izaten da.

Zein dira zure asmoak etorkizunera begira?

Ahal izanez gero, Hauspolariek taldearekin aitzinerat segitzea. Aurten hamar urte egin ditugu elkarrekin jotzen hasi ginela eta horretan segitzea espero dut. Taldearen izenean, eskerrak eman nahi diet gure inguruko herriei, musikarekin lotuta bizi izan ditugun momentuez gozatzeko aukera emateagatik! Mila esker aunitz!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun