Baztango agenda kulturalak hainbat jarduera izanen ditu apirilean

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 6a, 11:00

Baztango hegaztiak ezagutzeko ibilaldia eginen dute hilaren 23an goizez.

Baztango Udalak hilabeteko ekitaldi eta jarduerak agenda kulturalean bildu ditu bertze behin, adin guztietako herritarren gustura prestatutako eskaintzarekin

Bailableak eta Baztan Kantuz

Musika eta dantza gustuko dutenek bi hitzordu izanen dituzte hilabete honetan. Apirilaren 9an, igandean, bailableak (muxikoak, jotak eta larrain-dantzak) dantzatzeko aukera izanen da Oronozko plazan 12:30ean, Elizondoko Gaiteroen eskutik. 

Hurrengo astean, apirilaren 16an, Baztan Kantuz ekimena Lekarozen izanen da, 12:00etan plazan.

Azokak hilabete osoan

Baztango Artisauak eta Baztango Zaporeak elkarteek larunbat goizeko azokekin segituko dute apirileko aste guzietan Elizondoko plazan. Ohiko egunez gain, Aste Santuko ortziralean, apirilaren 7an, bertako ekoizle eta artisauak plazan egonen dira.

Irakurle taldea eta literatura geraldiak

Liburu zaleek ere hainbat jarduera izanen dituzte Baztango Liburutegi Publikoan apirilean. Hilabetero bezala, Komiki eta nobela grafikoen irakurle taldea hileko hirugarren astelehenean, apirilaren 17an, 19:00etan bilduko da Adur Larrea komikigilearekin. 

Honez gain, Idazleekin Solasean elkarteak eta Baztango Euskara eta Berdintasun Zerbitzuek bi solasaldi antolatu dituzte. Apirilaren 19an 18:00etan Iratxe Retolaza idazleak Irakurbide feministak euskal literaturan solasaldia emanen du. Bertzeak bertze, «literaturak zertan lagun dezakeen feminismoan urratsak egiteko» azalduko du. Apirilaren 26an, berriz, Eider Rodriguezek Idazleen gorputzak liburua aurkeztuko du liburutegian 18:00etan. Literaturaren inguruko hausnarketa egin eta emakume idazleen ahotsak biltzen ditu liburuak.

Dokumental proiekzioa Iruritan

Zinema zikloarekin segituz, Karpeta urdinak filma proiektatuko dute Gizarte Bilgunean apirilaren 21ean 19:00etan. 1960-2014 bitartean izandako tortura eta tratu txarrak ikertzeko lanaren emaitza da dokumentala.

Baztango eta Baigorriko gazteen topaketa

Baztango Udalak eta Baigorriko Herriak antolatua, bi ibarretako gazteak elkar ezagutzeko topaketa izanen da apirilaren 14tik 16ra Amaiurko aterpean. 12 eta 15 urte bitarteko gazteei zuzendua, mendi martxa, dokumentala, ginkana eta ezagutza solasak izanen dituzte, bertze bertze.

Bertako hegaztiak ezagutzeko ibilaldia

Baztango Talde Ekosozialak eta Amezti Elkarteak Baztango hegaztien eta kulturaren arteko loturak. Begirada ekologiko bat ibilaldia antolatu dute hilaren 23an, 11:00etan Elizondoko plazatik abiatuta. Marcos Isasi eta Gorka Valdes biologoek gidatuko dute ibilbidea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun