Inguruko landareak ezagutzeko ikastaroa antolatu dute apirilaren 15ean, 18an eta 22an Elizondon

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 4a, 14:00

Ikastaroa debalde izanen da eta saio teoriko eta praktikoak eginen dituzte landareak identifikatzen ikasteko

Gorosti natur zientzia elkarteak inguruko landareak ezagutzeko ikastaroa antolatu du Elizondon. Ikastaroa Arizkunenean izanen da eta hiru saio izanen ditu; apirilaren 15ean, 18an eta 22an.

Apirilaren 15ean, larunbata, goizean elkartuko dira. 10:00etan saio teorikoa izanen da, eta landareen identifikazioaz eta Observado herritarren zientziarako plataformaz arituko dira. 11:30ean, berriz, saio praktikoa eginen dute ibilbide batean landareak aztertuz eta Observado aplikazioa erabiliz.

Apirilaren 18an, asteartea, saio teorikoa izanen da 18:00etatik 20:00etara. Bertan, landareak identifikatzeko baliabideak landu eta Observado plataformak eskaintzen dituen aukerak ikusiko dituzte.

Apirilaren 22an, larunbata, ikasitakoa praktikan jartzeko eguna izanen da. Ateraldia eginen dute 10:00etatik 13:00etara naturako leku batera landareen inbentarioa egitera.

Ikastaroa debalde izanen da eta plaza mugatuak izanen ditu. Izena emateko eta edozein zalantza argitzeko eskuragarri dago gorostilandare@gmail.com helbide elektronikoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun