Daniel Sanz Azpiroz

«Ikasteko erraza eta dibertigarria da Kenpo kaia»

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 2a, 08:00

Kenpo kai arte martziala ikasten eta irakasten ari den zigatar gaztea da Daniel Sanz, eta irailean Tunisian jokatuko den munduko txapelketara joanen da bere kideekin batera

Nola definituko zenuke zeure burua?

Pertsona langilea naizela erranen nuke, beti gauza berriak ikasteko gogoarekin.

Zein dira zure zaletasunak?

Kenpo kain aritzen naiz. Entrenamenduetan, ahal dudan guztia ematen saiatzen naiz, hortaz, urteekin aunitz hobetu dut. Gainera, arras lehiakorra naiz eta nire akatsak hobetzen saiatzen naiz, hurrengoan hobe egiteko.

Noiz hasi zinen Kenpo kaiarekin?

2015ean hasi nintzen. Zigan klaseak ematen hasi zirelakoz apuntatu nintzen, eta aunitz gustatu zitzaidalako segitu nuen.

Zertan datza kirol hau?

Arte martzial japoniarra da. Ez da arlo zehatz bakarrean nabarmentzen, aunitz lantzen baitira: defentsa pertsonala, katak, konbatea… hortaz, arras arte matzial polita da, bikaina.

Non entrenatzen zara?

Elizondon entrenatzen naiz, Lanbide Eskolan. Astean behin elkartzen gara, larunbatetan. Batzuetan aste tartez Berara ere joaten naiz.

Zein teknika mota lantzen dira?

Kanpo kaiean teknika aunitz lantzen dira. Hasieran errazak dira, baina gero zailtzen dira. Zinturoi beltzan armak erabiltzen dira, katana adibidez.

Irakasten ere aritzen zara, ezta?

Bai, irakaslea ere banaiz. Orain Urdazubin irakasten ari naiz, talde bakarrarekin.

Kirol erraza da ikasteko? Eta irakasteko?

Ikasteko erraza eta dibertigarria da, adinak berdin duelakoz. Irakasteko zailagoa da, batez ere adin eta maila ugariko taldeak direlakoz eta horretarako gauza aunitz jakin behar direlakoz. Baina irakastea ere arras polita eta dibertigarria da.

Tunisian jokatuko den munduko txapelketara joanen zara irailean. Gogotsu?

Bai, arras gogotsu, nire lehenbiziko aldia izanen delakoz mundu mailako txapelketa batean parte hartzen. Baina batez ere, entrenatzen naizen lagunekin joanen naizelakoz, eta ilusio haundia daukat beraiekin esperientzia hau partekatzeko.

Zure asmoak epe motzera?

Ahal dudan guztia entrenatzea eta hobetzea, munduko txapelketan emaitza onak lortzeko.

Eta epe luzera?

Ahal dudan guztia ikastea, batez ere arlo teknikoan, baina txapelketen arloa utzi gabe.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun