Elizondoko Lanbide Eskolako sei ikasle Bruselara joan dira hizkuntza eta kultura murgiltze programan

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 30a, 19:00

Haute École Lucia de Brouckère ikastetxeko ikasleek harrera egin zieten.

Europako Parlamentua bisitatu eta Nafarroako Gobernuak Belgikan duen ordezkaritza ezagutzeko aukera izan dute sei gazteek

Elizondoko Lanbide Eskolako Administrazio eta Finantza goi maila elebiduneko sei ikasle Belgikako hiriburura joan dira astebetez, CNAIren (Nafarroako Ikaskuntza Integraleko Zentroa) murgiltze programarekin. Bertan, frantsesaren erabilera praktiko eta erreala egiteko aukera izan dute, eta graduaren antzeko hezkuntza esperientziak ezagutu dituzte, hizkuntza formakuntzaren osagarri gisa.

Bruselako egonaldian bertako ikastetxeak eta erakundeak bisitatu dituzte. Bertzeak bertze, Europako Parlamentuan izan dira, eta bertan Adriana Maldonado europarlamentaria ezagutu dute. Gainera, Nafarroako Gobernuko ordezkaritzaren eta estatuko enbaxadaren funtzioak ezagutu dituzte.

CNAI

Nafarroako Ikaskuntza Integraleko Zentroak azaldu duenez, ekimen hauen helburua «Lanbide Eskoletako ikasle eta irakasleen hizkuntza gaitasunak hobetzea da, testuinguru europar erreal batean». Juan Luis García zuzendariak adierazi duenez, martxan da programa honen bigarren deialdia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun